Friday 4 October 2013

«Erakutsi dut inork ez dizula zertan esan nola margotu edo bizi behar duzun»

Detritus, margolaria.




Lehen aldiz, bere lanaren panoramika bat ikusgai jarri du Detritus artistak: besteak beste, txartelak, marrazkiak, margoak, artista liburuak eta Iosu Eskorbutoren biografia bat, komiki moduan.


Detritus margolari eta marrazkilaria da (Donostia, 1964). Gerra arteko espresionisten ondorengoa da: mina, izua eta itolarria margotzen ditu, eta gizarte salaketa gordina egiten du. Erakusketa jarri du Donostiako Arteko galerian, urriaren 31 arte.



'Redefinir Lo Real' izenburu lacandarra jarri diozu erakusketari, kosmetika etxe baten izenarekin hitz-joko eginez. Errealitatearen makillajeaz ari zara?

Oso ona da hori, baina niri ez zait bururatu L'Orealekin hitz-jokoa egitea. Zoragarria da gauzak egitea kontziente izan gabe. Askotan gertatzen zait. Jendeak nik egiten dudana konplexuago bihurtzen eta aberasten du. Errealitatea berriz definitzeaz ari naiz erakusketa honetan. Nire tresna margoa da, baina, erakusketa honetan, gehiago jo du marrazkira: gauzen marrak, inguruak egitera, hau da errealitatea marraztera, hura onartzeko. Beraz, bada errealitatea makillatzea, norberak onartzeko, baina ez nuen ezer pentsatua enpresaren izenarekin.




Erakusketa aurkezteko esan duzu beharrezkoa dela «irudien kontrola kentzea (in)formazio hedabideei». Zure irudi artisauekin aurre egin dakieke irudi idealak sortzen dituzten publizitate agentziei?

Jendearengan emozioa eragiteko sortzen ditut irudiak. Emozioa eragitea lortzen badute, lehia egin diezaiekete hedabide boteretsuetatik heltzen diren irudiei. Nik afixaren estetika erabiltzen dut, argi dago, eta gizarterako asmoa dago horretan: jendeari zuzentzen natzaio, haiei zerbait esateko. 1980-1990. urteetan egin genituen afixek dezenteko eragina izan zuten.

Donostiako 'Zapatari' etxe okupatuan bizi zinen garaiaz ari zara. Non ibili zara geroztik?

Bilbon bizi izan nintzen gero, Ameriketako Estatu Batuetan eta, ondoren, Madrilen. Duela bi urte itzuli nintzen Donostiara, eta izugarri pozten naiz bueltatu izanaz. Beste tokietan baino onartuagoa sentitzen naiz hemen. Erakusketa honekin, beste gizarte taldetara zabaldu nahi dut neure burua.

Matxino izan zinen: Arte Ederren fakultatea eta ikasketak utzi egin zenituen. Uste duzu erakutsi duzula badagoela artean bide egiterik era alternatiboan?

Diru aldetik ez dut ezer erakutsi, apenas saldu baitut: jendeari gomendatzen diot ikasketak bukatzeko, erakundeen inguruan ibiltzeko eta modekin bat egiteko. Hobe da otzana izatea. Baina izaera aldetik, erakutsi dut inork ez dizula zertan esan nola margotu behar duzun edo bizitzan nola jokatu behar duzun.

Azken boladan, artista liburuak egiten zabiltza. Beti erabili duzu asko testua; urrats logikoa zen liburuei ekitea?

Hasieran lan egozentrikoa da, baina, berehala, sozialera pasatu naiz, bakarkeria hautsi eta jendearekin komunikazioa lortzeko. Liburuak oso egokiak dira horretarako. Hitzak erabili ditut beti, nire ahalegin komunikatiboa are argiagoa eta osoagoa izan dadin, eta, liburuetan, leku gehiago hartzen dute.




Adinarekin, zure estiloa findu beharrean, gordinago egin da, zergatik?

Lehen errealistago margotzeko joera nuen, mezua errazago helduko zelakoan. Baina, orain, iruditzen zait gordintasun eta bortizkeria formal apur bat gehiagok emotibitatea gehitzen diotela nire lanari. Jarraituko dut gizartearen eta norberaren ezinegona islatzen, nire sentimenduek horretara bultzatzen nauten arte. Garai honek ez du sentipen atseginagorik sustatzen, alde guztietatik zapaldurik baikaude.
 


No comments:

Post a Comment