Wednesday 20 November 2013

«Litekeena da beste planeta batzuetan bizi adimenduna eboluzionatu izana»

Ambrosio Garcia Leal, biologoa.


Kaosaren teoria eta Darwinen eboluzioa elkartu ditu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko doktore Garcia Lealek, eta ondorioztatu du adimena sortzea berezko joera dela baldintza egokiak izanez gero.

Ambrosio Garcia Leal (Cadiz, Espainia, 1958) biologoa da, eta zientziaren filosofian doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. La evolución de la vida inteligente: ¿Azar o necesidad? hitzaldia emango du gaur (Bizi adimendunaren eboluzioa: zoria ala halabeharra?), 19:00etan, Bizkaia aretoan (Abandoibarra, 3).



Bizitzaren lasterketan indartsuenak irabazten du, edo azkarrenak?

Gaur, biologoek diote, funtsean, eboluzioak ez duela gogoko norabiderik. Egia esan, eboluzioaren teoriak, berez, ez du inongo arrazoi onik ematen hautespen naturalak adimena bultzatuko duela espero izateko. Horren adibide bakterioak dira, oraindik ere, bizidunik arrakastatsuenak. Beraz, uste dute eboluzioak ez duela konplexutasun handiagora eramateko aparteko joerarik, eta, zehazki, ez dela konplexutasun kognitibo handiagoko egoerara eramateko joerarik. Niri ideia horrek ez nau inolaz ere asebetetzen. Horregatik saiatu naiz beste eredu bat eraikitzen, iragartzeko adimenaren eboluzioa, ezinbestekoa ez bada ere, behintzat, oso litekeena dela.

Eboluzioak ondoan beste mekanismo bat duela proposatzen duzu: «Konplexutasun bonba». Zer da?

Ingurumenaren ezegonkortasuna da, azken batean.

Kaosaren teoria erabili duzu?

Bai, zerikusi handia du. Nire ustez, dinamika kaotikoak bereziki egokiak dira adimenaren eboluzioa bultzatzeko, portaera malgua, alegia, ez geneek aurretik ezarritakoa. Etengabe aldatzen ari den ingurune batean bizi bazara, hau da, inguruak erronka ezberdinak ezartzen badizkizu, malgutasuna behar duzu, portaeraren malgutasuna. Adimenak malgutasun hori ematen dizu. Ez da mekanismo bakarra, baina bai eraginkorrenetako bat.

Gizateria gero eta adimentsuagoa da? Benetan?

Guk ingurumenak ezartzen digun ziurgabetasunarekiko independentziarantz eboluzionatu besterik ez dugu egin. Horretarako sortzen dira adimena, immunitate sistema eta ugalketa sexuala bere garaian, hau da, ziurgabetasunari aurre egiteko. Baita hizkuntza bera ere: gizakia da espezie bakarra hitzez ikasten duena, eta duela milaka urte hil diren pertsonen ezagupenak eta esperientziak parteka ditzakegu. Zer aukera ematen digu horrek? Etorkizuneko ezbeharrak aurreikustea. Esaterako: meteorito bat erortzea aurreikusteko moduan gara, eta, ia, eragozteko. Inor baino urrunago heldu gara, baina beste espezieen bide berean.

Lurraren antza duten dozenaka planeta aurkitu dituzte azken urteotan. Bizia badute, zure ikuspegia ezar dakieke eta esan litekeena dela estralurtarrek ere gero eta adimentsuago izateko eboluzionatzen dutela?

Edozein planetari ezar dakioke hau, baina haien ingurumenaren dinamika kaotikoaren araberakoa izango da. Baina, noski, neurri bateko kaosa izan behar da: denbora gehienean egokitze eboluzioa, baina tarteka desegin behar du eginikoa, baina ez osorik, gero eboluzioa berriz has dadin aurreratuago dauden espeziekin, Lurrean gertatu bezala.

Bizi adimendunik egongo da beste planeta batzuetan?

Ziurrenik, planetak daude izar guztien inguruan. Lurra bezalako planetak badaude, eta asko egongo dira, litekeena da bizi adimenduna eboluzionatu izana hiru mila milioi urteren buruan. Beraz, bai, baina nire ustea edo intuizioa da, besterik ez; ez dut datu sendorik hori baieztatzeko.

No comments:

Post a Comment