Tuesday 17 December 2013

«Euskaldunen setakeria euskararen aurkako jazarpenarekin dago lotuta»

Gaspar Acebo, artista.


Acebo, Zugarramurdiko harpean.


Acebo sortzaile argentinarrak hilabete pasatu du Euskal Herrian, Bitamine Faktoriak gonbidatuta, kanpoko artistek hemengo ezaugarri baten inguruan lanak sortzeko egitasmoan. Gaur aurkeztuko ditu

Hilabeteko egonaldia egin du Gaspar Acebo artistak (Buenos Aires, 1976) Txingudi aldeko Bitamine Faktorian. Euskal Herriaren inguruko ikuspegi bat garatzeko eskatzen diete artista gonbidatuei. Hilabete honetako lanaren emaitza erakutsiko du Acebok gaur, 19:00etan, Irun Factory aretoan (Loidi Bizkarrondo, 8).


Ezagutzen al zenuen Euskal Herria, egitasmo honi ekin aurretik?


Ez nuen ezagutzen. Lehenego fasean, ingurua ezagutzeari ekin nion. Bi tokik harritu ninduten: Zugarramurdiko harpeak eta Zumaiako flyschak. Hor lan egitea erabaki nuen. Leku horiei egiten dudana ezartzea erabaki nuen, hau da, zetazko papereko puxikak edo bolumenak. Bereizi egiten ditut, batzuek hegan egiten dutelako eta beste batzuek ez. Lekuaren ezaugarriekin eman diet forma: Zugarramurdiren kasuan, inguruko harriaren edo ondoen itxura du puxikak, eta Aurignac aldiko venus figuratxoena. Artelanak, azkenean, puxikak leku horietan hegan egiten erakusten duten argazkiak eta bideoak dira.


Globo venus auriñacense (Aurignac erako venus puxika). Gaspar Acebo


Ez duzu interesik hartu giza paisaian?


Azken boladan naturak deitzen dit. Antartikan egon nintzen antzeko lan bat egiten. Euskal Herriko orografia liluragarria da, aparta. Halere, elkarrizketak izan ditut Santi Erasorekin eta Aranzadiko zuzendari Fermin Leizaolarekin.

Zergatik puxikak?


Niretzat interesgarriak diren ezaugarriak dituztelako: alde batetik, ludikoak eta alaiak direlako; bestalde, aukera ematen didate gainean beste osagairen bat jartzeko. Horrez gain, jende multzo batek puxika bat hegan ikusten duenean, erreakzioa ia beti bera izaten da: egiten ari direna etetea, eta hari begira jartzea.

Euskal Herria ez al zaizu astunegia iruditzen halako artelan arinetarako?


Puxika begiratzen jarraitzen baduzu, bestelako gauzak datoz gogora: puxika ez dela betirako, hautsi egingo dela, efimeroa dela... Itsasora erortzen denean, esate baterako, ez da haur jaia. Horretaz gain, harritu egin nau kobazuloaren eta flyscharen kontrasteak platano arrunt zuhaitzekin. Lehenengoan, euskaldunek ez dute ezer aldatzen; asko jota, gainean baseliza bat eraikitzen dute, edo barruan erritualak egiten. Baina albo zuhaitzak nahierara moldatzen eta bihurtzen dituzte.

Argentinan euskaldunen inguruan dauden klixeak berretsi dituzu?


Ez diet arreta jarri nahi klixeei. Euskalduna burugogor gisa ikusten dugu han, setati, kementsu. Hemen ulertu dut positiboa dela han, agian, kritika kutsua duena. Hau da, hemengo aldapak ikusita, kemena eta lanarekiko lotura ikusi dut. Hori behar da hemengo nekazaritzan aritzeko, esaterako. Euskararen aurkako jazarpenarekin ere lotuta dagoela ikusi dut, hizkuntza nortasunari eusteko ahaleginarekin, alegia.

Euskal Herria bereziki gogorra izan al da bizipoza ematen eta, aldi berean, heriotza gogoratzen diguten zure puxikekin?

Harrigarri samarra bada ere, puxika batzuek iraun egin dute. Normalean suntsitu egiten dira. Berreskuratu egin nituen, eta, puxiken argazkiekin batera, puxikak berak erakutsiko ditut. Lehen aldia da.

No comments:

Post a Comment