Tuesday 25 March 2014

«Errusiaren jarrera oso moderatua izan da Ukrainako krisian, Krimeako erreferenduma arte»

Jon Kortazar Billelabeitia, historialaria.


Kieven eta Krimean azken asteotan gertaturikoa aztertuko du Kortazar historialariak gaur, Lasarten. Ukrainako egoera Euskal Herriarekin parekatu dutenak «errealitatetik urrun» daudela dio.

Historialaria da Jon Kortazar Billelabeitia (Mungia, Bizkaia, 1986). Frankismoak Bizkaian eraturiko botere egituren inguruko tesia idazten ari da, baina, gaur, Ukrainako egoerari begira jarriko da, 19:00etan, Lasarteko (Gipuzkoa) Elebeltz Topagunean.

Lehen galderak zerorrek egin duzu hitzaldiaren izenburuan: 'Ukrainako egoera: matxinada edo kolonizazioa?'.

Ukrainan, gobernua bortxaz uzkaili dute, eta matxinada horren atzean Mendebaldeko indarrak egon dira, helburu ekonomiko argiekin. Matxinadak eta kolonialismoak bat egitea ez da gauza arraroa, batez ere, Sobiet Batasuna erori ondorengo fasean. Orain ez dago ondo ikusia indar militarra erabiltzea, eta AEBetako zenbait buruk «matxinada ez bortitza» asmatu zuten euren helburuak lortzeko, Gene Sharp pentsalariari jarraiki. Lehen CIAk egiten zuena kalean herritarren bitartez egiten dute orain, salgarriagoa delako. Ez da hautu etikoa, baizik eta politikoa.

Robert Kagan geopolitika analistaren eragina ere aipatu dute. Kieveko matxinadaren erdian «Fuck the EU» esan zuen Victoria Nuland AEBetako Estatu Idazkariordearen senarra da Kagan. Kieven gaur dagoen aginteari «kaganato» deitu dio Pepe Escobar analistak, sekulako trakeskeria izan delakoan. Honezkero, Bruselan zein Washingtonen ez dute argi samar Ukrainiakoa gaizki atera zaiela?

Mikel Aramendik Hamaika Telebistan esan zuen bezala, Mendebaldeak «bat-bateko diplomazia» egin du. Oso epe motzerako ikuspegia izan dute, eta pentsatu dute Errusia ez zela mugituko. Baina Errusia ez da dagoeneko belauniko dagoen 1990eko potentzia hura. Errusiak baditu hainbat karta Ukrainan. Mendebaldeak protestako indar antolatu bakarra jarri behar izan du agintean: eskuin muturra. Hori kontrolatzea ez da erraza izango.

Krimea Ukrainatik banandu ostean, bide beretik jarraituko dute Donetsken eta ekialdeko beste hirietan?

Krimean gatazka nazionala dago: errusiarrak dira, eta errusiartzat dute euren burua. Donetsk, Kharkiv eta halako lekuetan, berriz, gatazka politikoa da: ukrainiartzat dute euren burua, baina errusiarzale dira. Kieveko gobernuaren portaeraren arabera jokatuko dute. Ukrainako ekialdeko langileek beldurra dute lanpostuak galduko dituzten Europako Batasunaren presioarengatik, industria gehiena han dago eta. Ikusi beharko dugu klase kontzientzia hori garatzen den edo apaingarri hutsa den. Maidanen ere, suminduen hizkera erabili zuten, eta, azkeneann apaingarri izan da, gero oligarkak jarri dituztelako boterean. Apaingarri eraginkorra, halere.

Justifikaturik al dago hemengo ezkertiar asko matxinoen aurka eta Errusiaren alde lerrokatu izana?

Alde batetik, normala iruditzen zait, Maidaneko matxinada oso eskuinekoa izan delako. Ez dut ulertzen, ordea, ezkertiarrei kontraesana bilatu nahi izatea Putinen alde daudela esanez. Garai batean Stalin paseatzera ateratzen zuten bezala, orain Putinen mamua ateratzen dute edozein gauza justifikatzeko. Izan ere, Errusiaren jarrera oso moderatua izan da krisi honetan, Krimeako erreferenduma arte. Errealitatetik guztiz urrun dago Euskal Herriko gatazka nazionala erabiltzea Maidanekoen eta EBren alde jartzeko, Ukraina Euskal Herri zapaldua balitz bezala, eta Errusia halako Espainia zapaltzailea.

Nor aterako da irabazle lehia honetatik?

Orain giltza Errusiak du. Ukrainako Gobernuak ez du ez dirurik ez armadarik errusiazaleei aurre egiteko. Errusiak, agian, ituna egin nahi izango du Kieveko agintariekin. Edo ekialdeko herritarrek gogor jotzen badute, herrialdea zatitzea etorriko da. Zer gerta ere, Errusia ez da galtzaile aterako.

No comments:

Post a Comment