Friday 4 April 2014

«Argazkigintza propagandan erabiltzeko makina Lehen Mundu Gerran abiatu zuten»

Ismael Manterola, artearen historialaria.

Alemaniarrek Flandrian eginiko gehiegikeriak euskaldunei azaltzeko Londresen argitaraturiko eskuorri batetik abiatuko da EHUko irakasle Ismael Manterola guda saltzeko bideen inguruan hausnartzeko.

Ismael Manterola (Zumaia, Gipuzkoa, 1966) arte krtitikaria da, eta Artearen Historia irakasten du EHUn. Irudien bidezko propaganda Lehen Mundu Gerran hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Zarauzko Photomuseumen —sarrera libre eta doan—.




Zergatik interesatzen zaio artearen historialari bati gerra propaganda?

Ingalaterran egon nintzen 2007an, hango fitxategi eta liburutegietan ikertzen. Nire eskuetara euskaraz argitaraturiko eskuorri bat heldu zen: marrazki katalogotxo bat zen, Londresen 1916. urtean argitaratuta. Ikertu nuen, eta konturatu nintzen gerra propaganda zela.

Alemanek Flandrian eginikoak euskaldunei azaltzeko eskuorria (Londres, 1916).


Frantziak gerrara eramandako euskaldunentzat?

Ez. Hegoaldeko euskaldunentzat, hori da bereziena. Espainia neutral zen Lehen Mundu Gerran, Eliza, aristokrazia eta militarrak Alemaniaren aldekoak baziren ere. Ingelesek ikusi zuten Euskal Herriko eta Kataluniako burgesia nazionalistak euren alde jartzen saiatu behar zirela. Alemanek Belgikan eginiko sarraskiak salatzen zituen, nazio txiki baten kontra eginikoak.




Argazkigintza gerrarako arma gisa Parisko Komunaren kontra erabili zuten, 1871n. Iraultzaileek eginiko selfie-ak gero haiek identifikatu eta fusilatzeko baliatu zituzten. Zertan bereizten da 1914tik aurrera eman zioten erabilera?

Argazkigintza propagandarako erabiltzearen makina Lehen Mundu Gerran abiatu zuten. Eskala handiko propaganda zen: lehen aldiz propaganda zerbitzuek milaka argazki argitaratu zituzten hainbat herrialdetara bidaltzeko. Postal formatoan egiten zituzten. Esperimentua izan zen; ez zekiten nola egin, eta asmatu egin behar izan zuten. Gero, 1936ko gerran eta Bigarren Mundu Gerran asko ikusi zen sistema.

Zer erakutsi nahi izaten zuten irudiotan?

Etsaiek eginiko sarraskiak, frontera eginiko bisitaldiak eta preso harturiko soldaduei emaniko tratu ona, batez ere. Alemanak barbaro gisa agertu nahi zituzten. Haatik, ingelesek presoekin gizatiar jokatzen zutela erakutsi nahi zuten.



Antzezturiko argazkiak dira beti?

Gehienak. Orduko kamerak tramankulu handiak ziren, eta ezin zituzten mugitzen ziren gauzak atera. Argazkiak prestatu eta gero, propagandarako egokienak zirenak aukeratzen zituzten.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen masentzako pop kultura gerra propagandaren jarraipena da?

Ez dakit, baliteke. Metodoak antzekoak dira. Publizitatea gauza bat saltzeko da; propaganda, berriz, ideia bat zabaltzeko. Ingelesek ez zuten ondo ikusten masa-propaganda: eurena goi mailako jendearen iritzian eragiteko pentsatzen zuten; idazleen eta artisten lanak erabiltzen zituzten. Alemanek, ordea, gehiago baliatu zituzten eskuorriak eta paskinak. Donostian, esaterako, Lehen Mundu Gerrako aurreneko urteetan Gibraltar gogoratu leloa margotu zuten hormetan. Ingelesek ez zekiten nola erantzun.

Nola garatu da irudien guda Gerra Handiaz geroztik?

Ingelesek zuten beldurra baieztatu da. Beraiek erabili nahi ez zuten propaganda mota nagusitu egin da gero, Bigarren Mundu Gerratik. Gogoan ditugu petrolioan lohituriko hegazti haiek, Iraki erasotzeko erabili zirenak. Eta ustez 2011ko irailaren 11ko erasoak ospatzen ari zirela erakutsi ziguten palestinar haien irudiak, gero jakin zenez beste garai batean hartutakoak zirenak. Lehen Mundu Gerra laborategia izan zen. Amaitu zenean, denek onartu zuten ezin zela halakorik egin. Baina gero, denek egin zuten.

Venezuelan ikusi dugu azken asteotan. Twitterren, @aranagoiri parodiagileak Unai Romanoren aurpegi torturatua argitaratu zuen, Venezuelako Poliziaren biktima zela esanez. Oposizioko hainbat kidek amua irentsi zuten. Ez dugu ikasten?

Irudiak indar handia dauka oraindik, eta jendearen begietan jotzen du. Aurreneko inpresioak garrantzi handia du. Gero esan egin behar da gezurra dela. Albiste faltsuekin bezala: lehenbizi mina egiten da. Gezurtatzeak beti du lan handiagoa.

No comments:

Post a Comment