Friday 11 April 2014

«Rock kantarik hoberenak krisiak ekarri ditu; patxadak eta jogurtek, new agea»


Javier Vargas, musikaria.


Besteak beste, Carlos Santana, Chris Rea eta Princerekin ibilitako gitarrista argentinarrak bira abiatuko du bere taldearekin, 'Heavy City Blues' diskoa aurkezteko. Kontzertu bakarra emango dute gurean.
Javier Vargas (Madril, 1958) musikari argentinarra bere taldearekin arituko da, gaur, 23:00etan, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean.





Zure biografian mundu erdia agertzen da: Buenos Aires, Nashville, New York, Los Angeles, Memphis. Nongoa zaren jakitera heldu zara?

Maite nauten lekukoa naiz. Mundua maite dut, eta bidaiatzea. Euri-txakurrak bezalakoa naiz: zaparradarekin lorratza galdu, eta ezin dira etxera itzuli. Musikari batentzat errepidea da etxea, hurrengo hiria. Agertokian naiz zoriontsu. Ibizan bizi naiz orain, eta ezagutzen ditut milioi asko irabazi dituzten rock izarrak: ez dira uhartetik mugitzen. Ni musikaren langile bat naiz: musika ez da lana, lana da agertokira igotzeko egin behar duzun gaineko guztia. Jotzea bedeinkazioa eta opari bat da.

Blues musikaria izanda, badituzu, halere, leku erreferentzia batzuk.

Chicago, esaterako, Menphis zein Ingalaterra. Halere, bluesa eta rocka musika unibertsalak dira dagoeneko, klasikoak, eta musikari onak daude planeta osoan. Ni hasi nintzenean, 1960ko hamarkadaren amaieran, Ingalaterra zen erreferentzia. Baina orain, hori aldatu egin da, zorionez. Orain berdin du nondik zatozen eta zelako izena duzun. Globalizazioaren alde ona da.

John Paul Keith blues musikariak duela gutxi esan zuen Nashville guztiz komertziala dela, eta Memphis, berriz, askoz libreago. Zu bietan ibili zara, ados zaude?

Erabat. Nashville countryaren industria da, nahiz eta azken urteotan rock, pop eta metal taldeak joaten diren hango estudio izugarrietan grabatzera. Nik country zaharra maite dut, baita rockabillya ere, baina nire erreferentzia Memphis da: Albert King, Ottis Redding...

Bluesa unibertsala dela diozu, baina zu ez al zara saiatu, bada, zurea Blues Latino gisa identifikatzen?

Nik ez dut entzule mota batengan pentsatzen, baizik eta jendearen bihotzean. Egia da, nire diskoetako batzuetan, Blues Latino [1994] eta Gipsy Boogie [1997] adibidez, saiatu naiz neure soinua sortzen, eta esperimentua egin dut, bluesa ukitu latino eta flamenkoekin nahasten. Horrek irudi bat eman dit, eta ez dut oraindik kentzea lortu, jendea beti dagoelako zain ni sustrai horietara itzultzeko. Baina azken diskoa, esaterako, rocka da, Black Sabbath eta 1970eko hamarkadan inspiratua.

Heavy City Blues diskoaz ari zara. Hau protoheavya bada, zure hurrengoa metal hutsa izango da?

Rock gordina da, baina heavy horrekin gaurko garaiaz eta munduaz ari gara. Oso heavya da ekonomiak menpean harturiko munduan bizitzea. Gogorra da hiria: kutsadura, estresa eta komunikazio falta. Honek ez garamatza paradisura. Niretzat bluesa heavya da, soinuan ez bada ere, bai, behintzat, hitzetan. Chuck Berry zein 1950eko bluesgileen hitzek krisia kontatzen dute. Rock kantarik hoberenak krisi eta depresiotik atera dira, muturreko egoeretatik. Patxadak eta jogurtek new agea ekarri dute.

Igarriko da tentsio hori gaur?

Nazio Batuen Erakundea bezalakoa da gaurko Vargas Blues Band: Luis Mayo argentinarra, baxuan eta ahotsean, Peter Kunst bateria jotzaile herbeheretarra, eta Gaz Pearson abeslari britainiarra eta laurok. Tentsioa egongo da, baina baita katarsia ere. Sufriarazi zaituena jaia bihurtu nahi dut, gustura gaudenean, geure burutik hurbilago gaudelako.

No comments:

Post a Comment