Saturday 14 March 2009

«Mendiak salbatu du Bilbo, disneykeria gehiago egitea galarazi duelako»

Zaida Muxi, arkitektoa. 



Hirigintza emakumeen ikuspegitik lantzen du arkitekto argentinarrak. 'Desafíos habitar: vivienda y ciudad en el siglo XXI' hitzaldia emango du gaur arratsaldean Bizkaiko hiriburuan.

Arkitektura eta hirigintza emakumeen ikuspegitik aztertzen ditu Zaida Muxi arkitektoak (Buenos Aires, 1964). Desafíos habitar: vivienda y ciudad en el siglo XXI izenburuko hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoan, Bilbon (Mazarredo, 69-71).

XXI. mendeko hiria emakumeek eta emakumeentzat eginikoa izango da?

Gaur hirietan zer familia mota bizi garen eta horretan oinarrituta XXI. mendean nolako auzoak egin behar diren aztertu behar dugu. Hiri berriak eraikitzeko orduan, ezinbestekoa da kontuan hartzea emakumeek zaintzaile gisa betetzen duten eginkizuna. Hiri mistoa behar dugu: etxebizitzetatik gertu behar ditugu lan guneak, erosteko guneak, ikasteko guneak... Horrek aukera ematen die emakumeei besteak zaintzeko eta, aldi berean, norberarentzako eta lan munduan aritzeko astia izateko. Hiri modernoetan asko zaildu zaie hori emakumeei, banandu egin direla bizilekuak eta lan espazioak.

Ikuspegi horren bidez ez duzue indartzen emakumeei gizarteak ezarritako eginkizuna?

Estatistikek erakusten dute halako lan gehienak emakumeok egiten jarraitzen dugula. Hori ez bada kontuan hartzen, lan munduan baldintza beretan aritzeko emakumeei oztopoak jartzen jarraituko dugu. Hiria antolatzean, zainketa lanetan gizarteak berak har dezake erantzukizunaren zati bat. Etxebizitza guztietatik 200 metrora haurtzaindegiak eta adinekoak zaintzeko lekuak badaude, emakumeak lanera joan daitezke. Baita hiriak seguruagoak badira ere, haurrak gazteago joan baitaitezke bakarrik eskolara. Beraz, ez da indartzea, baizik eta egoera hori bistaratzea.

Ez dirudi gaurko hirigintza hortik doanik. Zuk hiriaren macdonalizazioa eta disneykeria salatu duzu...

Hirigintza kontu publikoa izatetik afera pribatua eta negozio izatera igaro da. Pairatu dugun adreiluaren burbuilaren eraginez, etxebizitza, merkataritza, bulego edo aisialdi gune bakartu handiak eraiki dituzte, eguneroko bizimodua kontuan hartu gabe. Horren ondorioz, autoa ezinbestekoa bihurtu da, eta eskolara joatea odisea hutsa. Botere publikoen utzikeriarengatik gertatu da hori.

Bilbon ikusten duzu disneykeria hori?

Bai. Garraio publikoa hobetu da, baina hiriaren alde batzuk eliteei utzi dizkie administrazioak, euren boterearen gune eta ikur bihurtzeko. Halere, Bilbo ez dago okerrenen artean, mendiak salbatu du, disneykeria gehiago egitea galarazi duelako. Bailaratik atera, eta berehala agertzen dira bizitegi gune horiek, are okerragoak: ehunka etxe atxiki berdin bakartuak, zerbitzurik gabe, haurtzaindegirik gabe, dendarik gabe. Kostatzen zait imajinatzea zergatik pentsatu zuen hori erosi zuen jendeak han ondo biziko zela. Esan zietelako euren gune berde propioa zuela, 2x2ko lorategia zuelako? Benetakoa ez den ameskeria batean bizi gara.

Krisia ona izango da gauzak berriz planteatzeko?

Hiriak eremu naturaletara zabaltzen jarraitzea akats larria izan da. Dagoeneko eraikitako hiria berriz erabiltzea da etorkizuna.

No comments:

Post a Comment