Thursday 12 March 2009

«Nirea ez da soilik ikuskizun kontua, baizik eta 'feeling'-a sentitzea eta sentiaraztea»

Carvin Jones, musikaria.
 

Munduko egungo blues gitarristarik hoberena gisa deskribatu dute Texasko musikaria AEBetako musika prentsan. Bere hirukotearekin arituko da gaur Bilbon, 'Carvinator' diskoa aurkezten.

Texasko beltzen ghettotik munduko agertokietara pasatzea lortu du Carvin Jones gitarra jotzaileak (Lufkin, Texas, AEBak, 1966). Jimmi Hendrix, BB King eta Eric Claptonen eragina onartzen du Carvinek, eta inoiz blues gitarra jotzailerik hoberenen zerrendan sartu dute. Carvinator diskoa aurkezteko biran dabil egunotan. Gaur, Bilbon entzun ahalko da, 21:30ean, Kafe Antzokian.

Musikak bizia salbatu zizula esaten duzu. Zergatik?

Oso auzo gogorrean hazi nintzen, Lufkin hirian. Han dena ziren pistolak eta labanak, indarkeria eta krimena. Nik, ordea, egun osoa pasatzen nuen etxean gitarra jotzen, hori zelako nire pasioa. Egunez eta gauez, jo eta ke aritzen nintzen gitarra astintzen. Horrek salbatu ninduen. Ihes egiteko modu bat zen. Nire arreta musikan zegoen eta ez krimenean eta drogetan.

Jimi Hendrix aipatzen duzu zure erreferentzia nagusien artean, eta agertokian ere akrobaziak egiten dituzu gitarrarekin. Noraino da garrantzitsua zuretzat ikuskizuna?

Ez da bakarrik Hendrix; BB Kingek eta Eric Claptonek ere sekulako garrantzia dute niretzat. Asko entzuten nuen Hendrix haurra nintzenean. Ez da soilik ikuskizun kontua baizik eta feeling-a sentitzea eta sentiaraztea. Oso garrantzitsua da hori: emozioarekin jotzea eta ikusleek hori sentitzea.

Cavinator diskoa aurkezten ari zara egunotan kontzertuetan. Zure lanaren oinarria gitarra bada ere, haize talde bat ere sartu duzu diskoan; zer lortzeko?

Nik sorturiko abestiak sartu ditut diskoan, bluesaren klasikoez harago. Horregatik sartu dut Italiako musikariz osaturiko haize taldea. Soinu zoragarria lortu dugula uste dut.

Zuzenekoetan, ordea, bakarrik beste bi musikarirekin agertzen zara: baxua eta bateria. Zergatik horren gutxi agertokiaren gainean?

Neuk betetzen dudalako soinua. Banda oso bateko tresnak egiten ditut nire gitarrarekin. Horrez gain, ez duelako zentzurik 10 pertsonarekin bidaiatzeak. Horregatik ez naiz haize bandarekin mugitzen biretan, eromena delako.

Zergatik aukeratu dituzu musikari italiarrak taldekide gisa?

Italian jo dut asko, eta han ezagutu nituen. Oso onak dira, eta zera esan nien: «egin dezagun bira bat». Dagoeneko bi urte daramatzagu biran, Europa osoan.

2001ean, inoizko 50 blues gitarra jotzailerik hoberenen zerrendan sartu zintuen Guitarist Magazine aldizkariak.

Merezita, bai horixe. Baina oso gogor egin behar izan dut lan horrera heltzeko. Horri eusteko erronka gustuko dut dena den, sua pizturik gordetzeko.

No comments:

Post a Comment