Wednesday 18 March 2009

«Punkak bizitza aldatu zidan, baina nire ama feministak hazitakoaren segida izan zen»

Hilary Binder, musikaria.



Christopher Rankin baxu jotzailearekin Sabot bikotea osatzen du bateria jotzaile estatubatuarrak. Punk, jazz eta noise arteko proposamen berezia taularatuko dute Gasteiz, Donostia eta Getarian.

Sabot bikoteko bateria jotzailea da Hilary Binder (Washington Hiria, 1965). 1993an, San Frantzisko utzi eta Txekiar Errepublikara joan zen bizitzera, Tabor hirira, Christopher Rankin baxu jotzaile eta talkidearekin batera. CESTA nazioarteko arte zentroa sortu zuten han. Saboten punk, noise eta jazza euren kasa nahasten dute. Gaur, 22:00etan, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan arituko dira, The Ex taldearekin. Bihar, 20:00etan, LeBukowski aretoan, Donostian. Astelehenean, Getariako Gaztetxean (Gipuzkoa). 



Biolin eta piano klasikoa ikasten 6 urte zenituenetik, eta nerabezaroan horiek utzi eta bateria jotzeari ekin zenion. Zergatik halako aldaketa?

Hamabi urte arte musika klasikoa baino ez nuen jo. 12 bat urte nituenean, punka aurkitu nuen, lagunei esker. Liluratu egin ninduen lagun batek bateria jotzean jartzen zuen indarrak, eta tresna klasikoak baztertzea erabaki nuen. Halere, esan behar dut pianoa jotzen dudala oraindik tarteka eta eragin handia izan duela bateria jotzeko dudan eran. Izan ere, bateria tresna melodikoa balitz bezala jotzen dudala konturatu naiz.

Punkak bizitza aldatu zizula esan daiteke, beraz?

Bai erabat. Ama feminista sendoak hazi ninduen, eta 1970ko hamarkadaren amaieran ikusi nuen askoz ate gehiago nituela irekita punkaren munduan beste inongo musika motatan baino. Horrez gain, garaian ez zen oso ohikoa emakumeak punk taldeetan aritzea, batez ere bateria jotzaile gisa. Beraz, punkak bizitza aldatu zidan, baina nire amak hazitakoaren segida izan zen.

Jende askok ezingo du sinestu Kaliforniako eguzkia utzi zenutela, Txekiar Errepublikara bizitzera joateko. Normala al da hori?

Neronek ere ezin dut ulertu, batzuetan, adiskide asko utzi nituelako han, baina benetan nahi genuen sortu arte zentro bat, benetan nazioartekoa izango zena. AEBetan orduan ezin zen halakorik antolatu, diru askorik gabe ezinezkoa zelako nazioarteko artistak eramateko bisak lortzea. Txekian orduan aukera asko zeuden, eta ideia berriak ondo hartzen zituzten. Artistak hartzen ditugu eta lana sortzen dute zentroan. Aurtengo ekainerako homosexualen harrotasun desfilea antolatu dugu, Txekian inoiz egin den bigarrena.

Sabot ere talde bat baino gehiago da zuretzat?

Bai, gure bizitza da. Elkarrizketa musikala da. Jotzen dugunean, jendea gonbidatzen dugu elkarrizketa horretan parte hartzera.

Taldeak 20 urte beteko ditu aurten. Nola ospatuko duzue?

Urtearen amaieran izango dugu urteurrena, eta, 10. urtemugarako egin genuen bezala, liburu bat argitaratu nahi dugu. Oraingoan, berriz, DVD bat eta CD bat sartuko ditugu, beste musikariekin eginiko lanarekin. Ez dugu soilik historia gure aldetik kontatu; besteek guregandik jasotzen dutena ere agertu nahi dugu.

Zer ekarriko duzue asteburu honetan Euskal Herrira?

Azken diskoko gauzak eta oraindik grabatu ez ditugun pare bat gauza, betiko gogokoenekin batera. Euskal Herrikoak dira gogokoen ditudan entzuleetako batzuk, kontzertu aski intimoak izaten direlako eta besteek sentitzen ari direna senti dezakegulako. Elkarrizketa iraultzailea izatea espero dut.

No comments:

Post a Comment