Thursday 19 March 2009

«Ez dut inoiz utziko ghettoa, kontua ez delako non bizi zaren, baizik eta nola»


U-Roy, musikari.
 


Rap musikaren asmatzailetzat jotzen dute adituek Jamaikako disko jartzailea. Bilboko Kafe Antzokian izango da gaur, Pablo Moses Karibeko uharteko reggae abeslariarekin agertokia partekatzen.

Rap musikaren aitapontekotzat jotzen dute Ewart Beckford Jamaikako musikaria (Jonestown, 1942). U-Roy izenarekin hasi zen disko jartzaile gisa, 1961. urtean, nerabe bat besterik ez zela. Bera izan zen lehenetakoa toast estiloa erabiltzen, hau da, abesti ezagunen nahasketen gainean hitzak bat-batean jartzen. «Jamaikako Mikel Laboa» gisa deskribatu zuen Fermin Muguruzak. U-Royk parte hartu zuen azken honen Euskal Herria Jamaika Clash diskoan. Bilboko Kafe Antzokian izango da gaur, 21:00etan, Pablo Moses reggae kantariarekin.

Rap musika zure alaba bada, harro zaude 30 urteren buruan hartu duen itxurarekin?

Gustuko ditut batzuk, baina ez ditut gogoko emakumeenganako errespeturik ez duten horiek. Ez nuen halakorik espero hura abiatu genuenean. Heldu ahala aldatuko direla espero dut. Ezin dut ulertu jendeari kalean lapurtu eta inongo beharrik gabe tiro egiten dieten horien inguruan abesten dituztenak. Kontuz ibil behar da horrekin, kanta horiek gaur zure lagunentzat direlako, baina bihar mundu osora zabaltzen direlako. Saiatzen naiz gauzak neurri batean gordetzen, gaur baketsua eta bakezalea naiz, eta ez ditut indarkeria eta ezjakintasuna jendearen bihotzean sartu nahi.

Edonola ere, ghettoaren barruan bizitzen jarraitzea erabaki duzu...

Ghettoan jaio eta hazi nintzen. Txikitan esaten nion neure buruari: «Handitan dirua badut, ez dut inoiz ghettoa utziko». Kontua ez da non bizi zaren, baizik eta nola bizi zaren. Ez naiz lehen bezain erasokorra, baina ez naiz aldatu. Ez dut estiloa aldatuko, ez dut horretarako arrazoirik ikusten. Harritu egiten naiz 17 eta 18 urteko gazteak nire musika entzuten ikustean, ni baino 45 urte gazteagoak direnak. Ohore handia da niretzat. Haiek gordetzen naute bizirik.

Zer entzungo dugu gaur Bilbon?

Jendeak nirekin lotzen duen musika egingo dut. Jendeak ezagutzen duena, hori da entzuleei eman nahi diedana.

2006. urtean Fermin Muguruzaren Euskal Herria Jamaika Clash diskoan parte hartu zenuen. Gustuko duzu halako elkarlanetan aritzea?

Esperientzia ona izan zen hura. Ni, azken finean, disko jartzailea naiz. Maite dut esperimentatzea gauzekin. Erritmoekin jolastea maite dut, calypsoa dela, jazza dela... Horrela bizi naiz, eta horrela jarraituko dut Jah-k gelditzeko esaten didan arte.

No comments:

Post a Comment