Tuesday 5 May 2009

«Harritu egiten du ikasle bakoitza ordenagailuarekin autonomo ikasten ikusteak»

Maite Gomez Ikasys egitasmoaren koordinatzailea.



Teknologia berrien inguruko jardunaldia egingo dute ostegunean Donostian. Haurren eskuetan ordenagailu eramangarriak jarri dituzte 16 ikastolatan, eta probaren lehen emaitzak azalduko ditu Gomezek.

Ikasgeletan norberak ordenagailu bidez ikasteko sistema ezartzeko Ikastolen Elkartearen egitasmoa da Ikasys, eta Maite Gomezek koordinatzen du (Hernani, Gipuzkoa, 1966). Egitasmoaren inguruan mintzatuko da ostegunean, 11:30ean, Donostiako Teknologia Parkeko auditoriumean (Miramon). Teknologiaren inguruko beste 18 bat egitasmo ezagutzeko aukera egongo da egun horretan, Teknologia berriak, gaur eta bihar jardunaldian. Parte hartzea doakoa da, baina izena eman behar da www.euskadiinnova.net gunean. Informazioa: 943-00 09 99.

Aurten ordenagailu eramangarri bana jarri diezue 16 ikastoletako haurrei, Ikasys egitasmoa probatzeko. Probaren behin betiko balorazioa uztailean aurkeztuko duzue, baina baduzu emaitza orokorrak aurreratzerik?

Urritik lehen hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailako ikasleak ari dira parten hartzen, gela bat ikastola bakoitzeko. 1.200 ikasle inguru dira. EHUn ebaluazio sakon eta serioa egiten ari dira, egitasmoa ikasleen ikaste prozesuan izaten ari den eragina aztertzeko. Azken probak egiten ari dira aste honetan eta hurrengoan. Emaitzak onak dira, eta sistema oso ondo hartu dute bai ikasleek eta irakasleek, bai gurasoek.

Haurrei ikastea bideo jokoetan aritzea bezalakoa egin zaie?

Ikusgarria da ikasleek nola egiten duten lan, batez ere arreta aldetik. Tresna berriak motibazioa asko piztu du hasieran, eta gero hori apaldu bada ere, ikusi dugu lagundu duela ikasleak arloetara gehiago hurbiltzen.Harridura sortzen du ikasleak erabat autonomo ikasten aritzea bakoitza bere ordenagailuarekin, entzungailuekin eta ariketekin.

Gehiegizko arreta horretan ikusten dute askok sistemaren arrisku nagusia. Nola jokatu duzue haurrak bakartzeko arriskuaren aurka?

Saioetan aritzen direnean, lana bakarka egten dute, baina Ikasysen asmoa ez da ikasgelako jarduera guztiak horrela lantzea. Astean ordu erdiko saioa egiten dute arlo bakoitzeko, hau da, ordu erdi egunero: gaur euskara, bihar gaztelania, etzi matematika... Behin eta berriz eginez ikasten diren edukiak, oroimena eskatzen dutenak lantzeko da sistema. Horrek ez ditu kenduko papera eta arkatza.

Haurren artean arrakasta izango zuela nahiko ziurra zen, baina irakasleek nola hartu dute?

Irakasle guztiak ez dira oso trebeak teknologia berriekin. Denetatik izan ditugu 16 ikastoletan, hainbat lekutan zozketaz erabaki zutelako zein irakaslek aritu beharko zuen sistemarekin. Joan zen ostegunean prestakuntza saioa izan genuen irakasleekin, eta, esan zigutenez, oro har gustura daude. Euren kabuz ere urratsak egin dituzte, eta hainbatetan aurrea hartu digute. Sistemak informazio piloa ematen die ikasleen jarraipena egiteko, eta horrekin oso pozik daude.

Non ikusten dituzu sistemaren punturik ahulenak?

Lan handia daukagu egitasmoa gelan egiten den guztiarekin uztartzen. Datorren ikasturtean egitasmoa zabalduko dugu nahi duten ikastola guztietara. Ondo lotu beharko ditugu beste ikasmaterialekin egiten den lana eta ordenagailuekin egiten duguna.

No comments:

Post a Comment