Tuesday 12 May 2009

«Musikaren munduan ego asko dago, eta gizonezkoena oso handia izaten da»

Cindy Blackman, musikaria.



Lenny Kravitz, James Brown eta Mick Jaggerrekin urteetan jo ondoren, jazz erritmoak eramango ditu gaur Donostiara bateria-jotzaileak, Cindy Blackman Quartet bere taldearekin.

Munduko bateria jotzailerik hoberenetako bat da Cindy Blackman (Ohio, AEBak, 1959). Lenny Kravitzen taldeko kidea izan da eta, besteak beste, Iggy Pop, Prince, James Brown eta Mick Jaggerrekin jo du. Rocka eta estadioak utzi eta klub ilunak aukeratu ditu bere taldearekin jazz erritmoak lantzeko. Cindy Blackman Quartetek Donostian joko du gaur, 20:30ean, Dokan.

Ezaguna zara rockeko izar handiekin jotzeagatik, baina zertan igarriko dugu laukote hau zeure taldea dela?

Igarriko duzue joko ditugun kanta gehienak neureak direlako. Halere, taldeburu gisa, taldekideen arteko elkarrekintza gustuko dut, musikari bakoitzak bere ekarpena egin dezan. Musikariei askatasuna ematea gustatzen zait. Ez ditut gustuko ikuspegi bakar batek estuturiko taldeak. Ez dut ulertzen zergatik kontratatu behar dituzun musikari zoragarriak zure taldean gero ez badiezu uzten euren burua adierazten. Pop talde askotan gertatzen da.

Zure jotzeko eran ere ezaugarri bera aurkitzen dugu. Ez duzu exhibizionismoa maite.

Musikaren zerbitzuan jartzen dut nire burua. Musika nik egin dezakedan ezer baino gehiago izango da beti. Gustuko dut, gainera, taldeko beste kideek egiten dutenetik ikastea.

Jazz musikaria zarela diozu beti, baina besteekin jotzen duzunean batez ere rockean zabiltza. Zer ematen dizu, sorkuntza aldetik, LennyKravitz edo Mick Jagger batekin jotzeak?

Nire amak biolin klasikoa jotzen zuen, eta amona piano jotzaile klasikoa zen. Aitak Miles Davies eta halakoak entzuten zituen, eta ahizpak, James Brown... Beraz, halako aniztasunean hazi nintzen. Ongi pasatzen dut rocka jotzen, baina jazzaren sormena, adimena eta sentiberatasuna maite ditut. Hori rockaren indarrarekin nahastea gustuko dut. Mick Jaggerrek rockaren indarra nola maite duen ikustea zoragarria izan zen. Lennyren taldean benetako kimika genuen. Gustuko nuke hori orain dudan taldera ekartzea.

Oraindik aurrejuzkuak daude emakume bateria jotzaileen inguruan, edo dagoeneko gainditu da hori?

Ez da gainditu, gizakiok jarraitzen dugulako ezberdinaren aurkako aurrejuzkuak izaten. Halere, horri kasurik ez egiten saiatzen naiz. Musikaren munduan ego asko dago, eta gizonezkoen egoa oso handia izaten da batzuetan. Badira moduak aurre egiteko ego horri, agertzen denean. Neure burua inguratzen dut hemen musikarengatik dauden pertsonekin. Musikaria naiz, eta oso pozik nago emakumea izategatik, benetan. Jotzeko nago, eta norbait ez badago horretarako, bila dezala beste talde bat.

Zer entzungo dugu gaur Donostian?

Geure piezak, erritmo askotakoak eta inprobisazio ederrak. Talde berria da, eta bira honetan ari gara kantak eta elkar esploratzen. Bidaiariaren ikuspegiarekin jotzen ditugu: piezak ezberdin tratatzen ditugulako gauero, eta soloak bestelakoak direlako. Hori zoragarria da, horrela musika ez delako usteltzen. Indar handia entzungo duzue, sormena eta elkarrekintza handia. Horrez gain, dinamika handiko kontzertua izango da, gustuko dugulako batzuetan oso apal jotzea eta bestetan ozen. Horrek sendotasuna ematen dio musikari.

No comments:

Post a Comment