Wednesday 13 May 2009

«Nuklearraren pizkundeaz hitz egitea propaganda da, ez da benetako errealitatea»

Marcel Coderch, ingeniaritzan doktorea.



Klima aldaketaren aurka zentral atomikoak eraikitzea konponbidea ez dela esateko arrazoiak emango ditu gaur Bilbon MIT Massachusettsko Teknologia Institutuko doktoreak.

MIT Massachusettsko Teknologia Institutuan ingeniaritzan doktoratua eta Kataluniako Generalitateko Garapen Iraunkorreko Batzordeko aholkularia da Marcel Coderch (Olot, Katalunia, 1953). Energia Baliabideak Aztertzeko Elkarteko idazkaria da (Aeren-Aspo). Urrian El espejismo nuclear liburua argitaratu zuen, eta gaur La solución no puede ser nuclear izenburupean, bi hitzaldi emango ditu Bilbon: lehena, 12:30ean, EHUko Ingeniaritza Eskolan. Bestea, 19:00etan, Ekoetxean (Pelota kalea, 5).

15 milioi euro inguruko isuna jarri diote Ascoko (Katalunia) zentral nuklearra kudeatzen duten Endesa eta Iberdrola enpresei, isuri erradioaktibo bat ezkutatzeagatik. Asko al da?

Zentralaren hamabost eguneko irabaziak dira, beraz, ez da ikaragarria enpresarentzat. Gainera, azkenean kontsumitzaileok ordaintzen dugu, era batera edo bestera. Dena den, irudia aldetik enpresek ez dute izaten gustuko isunak jasotzea. Espero dut balio izatea segurtasuna orain arte baino gehiago zaintzeko.

Gasteiztik oso gertu dagoen Garoñako zentralak arazoak ditu, itxi edo ez itxi erabaki behar duten honetan. Ixtea erabakiko dute?

Uztailean erabaki behar du Espainiako Gobernuak beste hamar urtez luzatuko ote dion baimena. 38 urte ditu dagoeneko, eta luzatuz gero, gaindituko dugu orain arte zentralei onarturiko 40 urteko bizialdia. Ausarkeria litzateke baimena luzatzea, Garoñak hasieratik izan dituelako arazoak. Ginera, itxi daiteke argindarraren horniduran inolako arazorik sortu gabe, zentralak ekoizturiko halako hiru esportatzen ari delako Espainia. Beraz, Garoñakoa zantzu bat izango da, jakiteko Madrilek zer egin asmo duen beste zentralei bizialdia amaitzen zaienerako.

Mundu osoan ere, indar atomikoarekin zer egin erabakitzeko garaia heldu da?

Bai, baina inork ez ditu zentralak eraiki nahi. Finlandia aurkeztu zuten azken belaunaldiko erreaktore zoragarrien erakuslehio gisa, eta erabateko porrota bihurtzen ari da. Industria nuklearrak ez ditu gainditu azken 50 urteotako arazoak, eta pizkundeaz hitz egitea propaganda da, ez da benetako errealitatea. Inor ez da zentralak eraikitzen ari. Soilik Indian eta Txinan ari dira zer edo zer egiten, gobernuen agindu hutsez.

Halere, klima aldaketaren gaiaren gainean ari dira eraikitzen indar atomikoaren aldeko argudioak.

Hala egiten dute hori delako argudio berri bakarra. Industria nuklearrak porrot egin zuen 1970eko hamarkadan. Klima aldaketari eutsi nahi izan dio ez galtzeko. Lau kalkulu eginda, berehala ikusten da energia nuklearrak ez duela ahalmenik klima aldaketaren kontrako borrokan eraginik izateko. Munduan dauden zentralen halako bi edo hiru eraiki beharko lirateke 2030. urterako, eta ez dago horretarako ahalmenik. Klima aldaketaren aitzakiarekin pare bat erreaktore eraikitzea tranpa egitea da, ez duelako arazoa konpontzen eta, gainera, beste arazoak sortzen dituelako.

James Lovelocki eman zenion erantzunean oinarrituko dituzu gaurko hitzaldiak?

Gehiago joko dut ekonomia alderdira. Ba al dago zentral nuklear bat eraiki nahi duen inor? Nork nahi du 5.000 milioi arriskatu 50 urterako egitasmo batean? Ez dago inor. Zentralak ez dira egingo, ekonomiaren kontrakoak direlako. Presio talde nuklearrak nahi du estatuak bere gain hartzea arriskua. Ez dira zentralak egingo ez badute lortzen estatuak -geu guztiok- bermatzea konpainia elektrikoei euren inbertsioa berreskuratuko dutela, gertatzen dena gertatzen dela.

Eta fusioa?

Itxaropena fusio nuklearrean izatea loterian jokatzea da, mende amaieran egokituko zaigulakoan. Daukagunarekin planifikatu behar dugu etorkizuna, eta ez loterian jokatu. Gizartea eta ekonomia antolatu behar ditugu duin bizitzeko, planetak jartzen dizkigun mugetan. Hori apokaliptikoa izatea bada, apokaliptikoa naiz.

No comments:

Post a Comment