Saturday 6 June 2009

«Arazoa izan naiz, ideiak dituen andre bat izateagatik eta, gainera, portugaldarra»

Dulce Pontes, musikaria.

Argazkilaria: Jorge Simao


20 urte daramatza agertokietan fadoaren berritzaile, kantari eta sortzaileak, eta bere ibilbidea aztertuko du gaur Tolosan, taldearekin eta fitxatu berri duen Joxan Goikoetxea akordeoilariarekin.

Fadoaren pizkundean ezinbestekoa da Dulce Pontes musikaria (Montijo, Portugal, 1969). 40 urte bete ditu aurten, eta 20. urteurrena agertokietan. Hori ospatzeko, Momentos diskoa argitaratu du, bi hamarkadako ibilbideko unerik esanguratsuenak kontatzeko abestien bidez. Tolosan entzun ahalko da Pontesen ahots gazi-gozoa, gaur, 20:30ean, Leidor antzokian.

Berrogei urte bizitzaren erdia bada, zer dira hogei urte kantari gisa?

Bizitzaren erdia, eta horren erdia kantuan, ikastea izan da, jendea ezagutzea, pozak, ama izateak dakarren guztia, duela gutxi berriz izan bainaiz ama. Hogei urte dira, eta orain konturatzen naiz ez dudala asti handirik izango egin asmo ditudan hainbat gauza egiteko. Beraz, neure burua antolatu behar dut, eta horretan ari naiz. Ezin dut bi edo hiru urte hartu disko bat egiteko, buruan oso argi ditudalako.

Zer duzu buruan, bada, halako antolakuntza behar izateko?

Aspaldi buruan dudan kontzertu baten DVDa egin nahi dut, gonbidatuekin eta. Gainera, tango disko bat egin nahi dut. Horacio Ferrer maisuak gonbidatu nau Buenos Airesera joatera grabatzeko, baina ezetz esan behar izan diot, bira nuelako. Damu dut, eta ez dut damu; izan ere, Tango 4 taldearekin egingo dut azkenean. Horrez gain, ahots eta piano kontzertua idazten ari dira niretzat. Eta hainbat herrialdetako emakumeak bilduko dituen egitasmo bat daukat. Irailean, Grezian, fadoa, flamenkoa eta rebetika nahastuko dituen ikuskizuna egingo dut.

Biluztasunaren inguruko disko bat egiteko asmoa duzu, gainera...

Nudez izeneko kontzertua egin nahi dut, neuk eginiko kantekin, biluztasuna bere alderdi guztietan esploratzeko, poetikoki, musikalki, abesteko eran... Kontua ez da kantitatea, indarra baizik. Datorren urtean aterako da.

Joxan Goikoetxea akordeoi jotzailea fitxatu duzu talderako. Zergatik?

Beharra handia nuelako. Bere saudade propioa du; musikari ikaragarria da, eta umorea du. Oso gustuko dut jotzeko duen era fina, nola joaten den bilatzen, eta gure hizkuntzen elkartzea. Euskal musika sartuta daukat, beste batzuk bezala. Gustuko ditut kantu tradizional zaharrak, sinpleak direlako eta alaiak. Liluratu egiten nau lurrarekiko lotura horrek. Hori sentitzen da, esaterako, txalapartaren soinuan. Grezia ere izugarri gustuko dut.

Zer entzungo dugu Tolosan?

Ideiarik ere ez! Txantxa da, baina badu bere egia zati bat. Kontzertu bakoitza berria da. Kantu zerrendak ditugu, noski, baina ongi pasa nahi dugu.

Momentos diskoan hogei urte hauei eginiko begirada bat baldin bada, zergatik aukeratu dituzu orain arte argitaratu gabeko kantak?

Eskerrik asko hori esateagatik, Portugalen diskoa «bilduma» dela esaten ari da prentsa. Best of (hoberena) diskoak egiten dira 80 urte-edo dituzunean. 2002an Movieplay konpainiak atera zidan Best of bat, erditu berri nengoela baliatuta. Hiru diskoko best of bat: nola egin daiteke halakorik? Debekatu egin zidaten diskoaz hitz egitea, kontrapromozioa egiten ari nintzelako.

Horren gaiztoak al dira diskoetxeak?

Arazoa izan naiz emakumea izateagatik eta ideia propioak edukitzeagatik. Edozein lanetan gertatzen zaie hori emakumeei, dena den. Horrez gain, portugaldarra bazara... Portugal ez da Hirugarren Mundua, jakin dezatela barruan zein kanpoan. Eta jabetu daitezela horretaz, behingoz, portugaldarrak ere.


No comments:

Post a Comment