Tuesday 9 June 2009

«Gaur gaztea eta emakumea izatea dena aldi berean egin nahi izatea da, eta ez iristea»

Rita Zipora, musikaria.
 


'Rush' musika eta antzerki ikuskizuna Herbehereetatik kanpo taularatuko du gaur, lehen aldiz, Amsterdamgo kantariak. Bilboko Kafe Antzokian egingo den ACT jaialdia aukeratu du estreinaldirako.

Jazza ikasten ari da oraindik Musikaren Hagako Errege Eskolan, baina dagoeneko bigarren musika-antzerki lana sortu du Rita Zipora abeslari eta sortzaileak (Amsterdam, Herbehereak, 1987). Lehen aldiz Rush (Presa) lana ikusi ahalko da Herbehereetatik kanpo gaur, 21:30ean Bilboko Kafe Antzokian, ACT jaialdian.

Jazzean aritzeaz gain, musika elektronikoa lantzen duzu. Ez al dira oso gauza ezberdinak?

Jazza da nire mundua, baina egitasmo bat dut musika elektronikoan dabiltzan ikaskide batzuekin. Abestu egiten dut horretan, hitzak sortu eta konposatu talde kideekin batera. Esaterako, elektronikarekin bost ahotsezko polifonia egiten dut nire ahotsarekin. Baina horrek ez du zerikusirik Bilbon egingo dudanarekin. Banda akustikoarekin arituko naiz.

Zertan da Rush ikuskizuna?

Musika ikuskizuna da, baina antzerki istorioa dago atzean. Autobiografikoa da. Gaur gaztea eta emakumea izatearen inguruko lana da, azken finean. Izan ere, gauza asko aldi berean egin nahi izatea da, eta ez iristea. Zer egin nahi duzun ondo ez jakitea, dena nahi duzulako: leku guztietan jo, lagunak, familiarekin zintzoa izan... Ez dakit nolakoa den gizon gazteentzat, agian berdina, baina guretzat hala da. Ikuskizunean ondorio bat ateratzen dut: ez diot esan behar neure buruari zer egin, baizik eta bizi eta gero ikusi.

Eta musika?

Abestietako batzuk guk sortutakoak dira, eta besteak jazz kanta klasikoak dira. Popa eta tangoa ere sartzen dugu. Pianistak eta biok dena moldatu dugu harizko tresnetarako. Abestiak erabat eraldatu ditugu hainbatetan, esaterako, jazz kantuak tango bihurtu ditugu. Jendea harritu egiten da normalean. Entzuleak ezagutuko ditu kantak, dena den. Zazpi musikariko taldea da, beraz, ia Big Band bat gara.

Ikuskizunak badu antzerki kutsua.

Musika ikuskizunetan beti ikusi dut abeslaria asko mugitzen, baina beste musikariak ez, eta ez dut hori gustuko. Karin Netten zuzendariak banda osoarekin egin du lan. Beraz, musikariak ez dira eserita gelditzen, dantza egiten dute eta mugitu eta horren bidez istorioak kontatzen dituzte.

Herbehereetatik kanpo estreinatuko duzu Bilbon. Leku egokia da?

Oso jaialdi irekia dela iruditzen zait, hiria bezala. Ez gara espainiarrak edo euskaldunak ez diren bakarrak izango, beraz, leku ezin hobea izango da.




No comments:

Post a Comment