Tuesday 2 June 2009

«Japonian txikitatik pairatu nuen diskriminazioarengatik dut interesa beste herrietan»

Yoshiki Nagayama, musikaria.



Turtle Island taldeko sortzaile eta abeslariak musika errebeldeak Japonian duen gorakada nabarmentzen du. Euskal Herrian bira egiten ari dira egunotan, disko berria aurkezten. Gaur Atarrabian joko dute.

Turtle Island taldeko abeslari eta kantugilea da Yoshiki Nagayama (Toyota, Japonia, 1976). Japoniako inauteri musika tradizionala, punka, rocka eta ska nahasten ditu taldeak. Hamalau musikari biltzen dira agertokian, eta erritmo sendoa eraikitzen dute perkusio tresna tradizionalekin. Lehen bira egiten ari dira Euskal Herrian. Gaur, 20:30ean, Atarrabiako jaietan joko dute (Nafarroa). Ostegunean, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian izango dira, eta, ostiralean, 22:30ean Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa).

Zergatik Turtle Island izena?

Omenaldia da mundu osoko aborigenei. Kultura aborigenetan genuen interesak bultzatu gintuen izena aukeratzera. Sustrai sakonak dituen oro interesatzen zaigu. Hitzak gizarte arazoez mintzo dira: ingurumena, gerra... Baina protesta taldea barik, kontatzen dugu gizakiak nola egiten dien aurre gizarte modernoak ezartzen dizkion oztopoei.

Ez al da harrigarria zuek teknologiaren eta autogintzaren Toyota hirikoak izatea eta interesa izatea tribuetan eta kultura aborigenetan?

Ni Japonian jaio nintzen, baina jatorria Korean daukat eta Japoniako legeen arabera, korearra naiz. Txikitatik horrela diskriminatuta izanik, gaztetatik interesatu zaizkit diskriminazioa pairatzen duten beste herri eta kulturak. Diskriminazioa arindu egin da azken 20-30 urteotan, baina oraindik geratzen dira halako legeak Japonian.

Horregatik interesatzen zaizue Japonian bazter geratu den musika tradizionala, inauterietakoa kasu?

Edozein gazte bezala, atzerriko musikarekin hazi ginen: reagge, punk... Baina bertako musika aintzat hartzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Horregatik, rock-and-rollzale belaunaldikoak bagara ere, Japoniako musika tradizionalaren eragina gordetzea erabaki genuen. Musika matxinoa eta mestizajearena genero berria da Japonian, eta lekua hartzen ari da industrian. Duela 8-9 urte inori ez zitzaion hau interesatzen, baina gaur Fermin Muguruzaren diskoak Tokioko dendarik handienetan daude. Japonian izan zen lehen aldian, hogei entzuleren aurrean jo zuen; azkenean, 25.000 pertsonen aurrean.

Zuen zuzenekoak oso indartsuak dira.

Kontzertuetan asko nekatzen gara, baina arnasketa teknikak erabiltzen ditugu indarrak neurtzeko lur jota ez geratzeko.

Zer da errazago, japoniarrak dantzan jartzea ala euskaldunak?

Euskaldunen erantzuna oso beroa izan da. Jendeak ez duela ulertzen jakiteak eta, halere, halako erreakzioa ikusteak poza bikoizten du.

No comments:

Post a Comment