Sunday 31 May 2009

«Datozen 20-30 urteetan musika talentu eztanda ikaragarria ikusiko dugu»


Philip Glass, konpositorea.

Musika errepikakorraren aitatzat jotzen dute konpositore estatubatuarra, XX. mendearen amaierako sortzailerik eraginkorrenetako bat. Bere ganbera musika joko du Bilbon gaur.

Askotan minimalista hitza erabili izan dute Philip Glassen musika sailkatzeko (Baltimore, Ameriketako Estatu Batuak, 1937), baina berak hitza baztertzen du, eta nahiago du «egitura errepikakorra duen musika» gisa deskribatzea. Ganbera lanak eskainiko ditu gaur, 20:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Bera pianoan arituko da, Wendy Sutter txeloan eta Mick Rossi perkusioan.

Zer izan da handiagoa, zuk pop musikan izan duzun eragina edo popak zure musikan izan duena?

Harremana hori baino naturalagoa izan da. Nik benetan ezagutzen nituen David Bowie, Lou Reed, Paul Simon eta besteak. Lagunak ginen, eta horietako batekin zer edo zer egin nahi banuen, telefonoz deitzen nien. Esaterako: sinfonia bat egin nahi nuen, eta David Bowieren musika gustuko dut. Beraz, esaten nion: «David, zer deritzozu?». Eta berak: «Ideia ona». Eta kito. Planik ez zegoen. Musikaren mundua oso txikia da, denok jotzen dugu besteek jotzen duten tokietan eta elkartu egiten gara eta adiskidetasunak benetakoak dira. Ez dira ekoizleen bitartez egositako egitasmoak. Beraz, galdera erantzuna baino konplikatuagoa da.

Harreman estu horren eraginez, poparen eta musika kultu garaikidearen arteko mugak desagertu direla uste duzu?

Gaur 20 urte inguru dituzten konpositoreak ikustea besterik ez duzu. Oso eroso daude zinemarako sortzen, bideo jokoetarako, orkestrentzat, iragarkien musika egiten, operak... Nire belaunaldiaren arazoa zen hori, ez oraingo gazteena. Gure belaunaldiak genero eta sailkapenen arteko muga hautsi zuen. Egungo gazteentzat halako mugarik ez dago dagoeneko. Beraz, haiek begiratu eta ikusiko duzu nora goazen.

Haize freskoa ekarri zuen zure musika errepikakorrak XX. mendearen amaieran. Nondik etorriko da hurrengo haize bolada?

Datozen 20-30 urteotan musika talentu eztanda ikaragarria ikusiko dugu. Eskolak ematen nabilenean ikusten dut sortzaile gazteek ez dutela alor akademikoan geratu nahi. Haatik, munduaren parte izan nahi dute. Zoragarria da. Elektronika dagoeneko zaharra da musika sorkuntzan, eta ez da musikaren hizkuntza aldatzen ari, baina aldaketa ikaragarriak ekartzen ari da musika zabaltzeko orduan. Mundu berrian sartzen ari gara.

Noizko bukatuko dituzu zure 9. eta 10. sinfoniak?

9.ak amaituta beharko luke 2012rako, eta 10.a garai berean etorriko da. Izan ere, nire 75. urtebetetzea izango da, eta jende asko eskatzen ari da dagoeneko. Beraz, nire urtebetetzerako.

No comments:

Post a Comment