Wednesday 1 July 2009

«Zientzia konplexutasunera hurbiltzen ari da orain, eta, horri esker, berriz artera»

Joaquin Ivars, artista.



Artista eta medikuntzako lizentziaduna da sortzaile andaluziarra. Arteari eta konplexutasunaren zientziei eskainiriko mintegi bat koordinatzen ari da, eta hitzaldi irekia emango du gaur, Artelekun, Donostian.

Zientzia eta artearen arteko harremanez hitz egiteko pertsona egokia dirudi Joaquin Ivarsek (Malaga, Espainia, 1960). Arte ederretako doktorea eta medikuntza eta kirurgiako lizentziaduna da. Ivars ari da koordinatzen Y+Y+Y Artea eta Konplexutasunaren Zientziak, Artelekun (Donostia) egunotan egiten ari diren mintegia. Gaur mintzatuko da, 17:00etan, Juan Luis Morazarekin. Hitzaldi irekia eta doakoa da.

Kaosa eta konplexutasuna gauza aski berriak dira zientziaren alorrean, baina artean oso zaharrak dira. Zergatik interesatzen zaizkizue orduan?

Kaosa beti izan da modu bat artistentzat indarra ateratzeko. Arteak askotan zera egin du, iritziaren kontra borrokatzea, hau da, bere garaiko adostasun orokorraren aurka. Artistek askotan kaosetik atera behar izan dute indarra ezarritako iritzi hori aldatzeko: alkoholetik, drogatik, bazterkeriatik, eromenetik... ordenarekin mugan dauden gauzetatik, alegia. Artean beti izan dira garrantzitsuak konplexutasuna eta sare fenomenoak. Zientziak orain ikuspegi horretara hurbiltzeak berriz gerturatzen du artea zientziara.

Leonardo Da Vincirentzat, gauza bera ziren artea eta zientzia. Zergatik orain arteko dibortzioa?

Artista primitiboa saiatzen zen ezagutzen ez zuenarekin era gordin batean elkareragiten. Artista klasikoak eta barrokoak saiatzen ziren ordena ezartzen munduan. Artista erromantikoa hasi zen kanpoko energiak hautematen eta ordena klasiko-barroko horretatik ateratzen. Artista modernoak beste energia mota batzuk antzematen ditu, maila ia atomikoan, kuantikoan. Egun zientziak atzertzen duen konplexutasuna mundu super-ordenatuaren eta nahastuaren artean mugitzen da. Erdiko gune hori da konplexutasuna, eta bizitza bezalakoa da.

Artistak, orduan, zientzia baino askoz aurrerago ibili zarete?

Arteak lan konplexua egiteko modu intuitiboa izan du. Artistaren gogoa gizartetik ateratzen hasi denean, artistak sare semantiko batzuk zabaldu ditu eta horiekin lan bat sortu du. «Sare semantiko» eta halakoak orain esaten ditugu, baina artistek intuizioaren bidez egin dute. Horren bidez konturatu dira mundua ez dela mekanika bezain sinplea. Mugimendu erromantikoa, esaterako, mundu mekaniko horrekiko haustura da.

Zientzialariek zer ikas dezakete arteari esker?

Haien lana da horretaz konturatzea. Zientzialari, filosofo eta artistok, denok ulertzen dugu dagoeneko diziplinen arteko elkarekintzan lan egiteko modu bat dela.

Artearen, filosofiaren eta zientziaren arteko ezkontza izango da XXI. mendearen ezaugarria?

Artea, filosofia eta zientzia etxeko lanak egiten hasi dira azken urteotan. Euren buruak era ezberdinean ebaluatzen hasi dira, eta prozesu horretan konturatu gara gauzak ez direla horren ezberdinak leku batean eta bestean. Errespetatu egin behar da ezagutza eremu bakoitza, berezko ezaugarriak dituztelako, baina ez dago alde handirik zientziako aurkikuntzaren eta artelan bat sortzeko prozesuaren artean. Mundua irudikatzeko eta ulertzeko prozesuak antzekoak dira guztietan. Hiru alor horietan orain egiten ari diren ebaluazio berri horri esker, garaiaren espiritu -Zeitgeist- berri baten atarian gaudela uste dut.

No comments:

Post a Comment