Saturday 27 June 2009

«Haurrei bluesa irakasten hasi naiz, irratian jartzen dietena nazkagarria delako»

Otis Grand, musikaria.



Bluesaren fanatikotzat du bere burua, eta BB King zein Albert Collinsen musika garbi gordetzen saiatzen da. Gaur entzun ahalko da Tolosan haren musika, Tolosandblues jaialdia amaitzeko.

BB King musikariak bere ondorengotzat hartu zuen Otis Grand (Oakland, Kalifornia, AEBak). Aita libanoarra zuen Grandek, eta Libanon, Trinidaden, Parisen eta New Yorken hazi zen. Londresen bizi da egun, eta bluesaren garbizaletasuna goraipatzen du musikaren bidez. Tolosan joko du gaur, 22:30ean, Plaza Berrian.

Beti esan duzu zorionekoa izan zinela gaztetan, 1960ko hamarkadan ez zenuelako entzun orduan modan zegoen musika. Zergatik diozu hori?

1960ko hamarkadaren hasieran zorte handia izan nuen Oaklanden, Kalifornian bizitzeagatik. Hiri beltza zen, ontziolak zeudelako han. Euren irrati propioak zituzten, eta ehunka blues areto zeuden. Irratian BB King, Ray Charles... eta halakoak entzuten ziren, ez gaur entzuten den kaka zaharra. Horrela sartu zitzaidan bluesaren birusa.

Askok garbizale adjektiboa iraintzat hartzen dute. Zu harro zaude bluesaren garbizalea izateagatik?

%100 garbizalea naiz, eta harro nago. Frantziako kazetari batek galdetu zidan lehengoan: «Konturatu al zara benetako eta egiazko blues musikari azkenetakoa zarela?». Ez nuen inoiz modu horretan ikusi, baina egia da. Gazteek ez dute benetako bluesa jotzen, Buddy Guy berak ez du benetako bluesik jotzen, rock izarra izan nahi du. Jendeak esaten dit: «Zozoa zara, diru pilo egin zenezake Marshall anplifikatzaile handi batekin joz gero». Baina nik ez dut nahi, blues, klasiko zaharra gustuko dudalako, benetakoa delako.

Baina bluesa ere ez zen hutsetik jaio, beste musika zaharragoren moldaketa da. Zer zentzu dauka, orduan, une bateko soinuari eustea eta gainerakoa usteltzat jotzea?

Zoritxarrez, gazteek bluesa maite dutenean eta jotzen hasi nahi dutenean daukaten erreferentzia bakarra Stevie Ray Vaughan da. Stevie tipo jatorra da, eta maisu zaharretatik dena ikasi du, baina bluesa harago doa, Stevie Ray Vaugham baina askoz atzerago. Penaturik esaten dut ez dudala gazte bakar bat ere ezagutu BB King edo Albert Collins entzun edo jotzen duena. Gogoratu ere ez dituzte egiten, eta lotsagarria da.

Horregatik abiatu duzu Bluesa Eskoletan egitasmoa, Ingalaterrako hegoaldeko ikastetxeetan?

Hasteko, oso fanatikoa naiz nire bluesarekin, horretaz hitz egin dezaket egunean 24 orduz. Musikariak nire taldetik bota egiten ditut ez badute benetako bluesa jotzen. Bluesak historia luzea du, eta, egia esan, antropologiaren ikuspuntutik azter dezakezu Afrikako mendebaldetik AEBetako esklaboetara arte. Beraz, hori guztia haurrei irakasteko garaia zela pentsatu nuen, irratian entzuten dutena nazkagarria delako, erabat faltsua. Eskoletara joaten naiz, eta derrigorrezkoak dituzten bi ordutan erakusten diet bluesaren historia, eta gitarrarekin azaltzen diet. Eurek gustuko duten musika oro bluesetik datorrela erakusten diet: 'Black Sabbath gustuko al duzue? Haien musika blues riff-ak baino ez dira'.

Halako irakaspenik emango diguzu gaur Tolosan?

Mingo Balaguerrekin joko dut, eta nire piano jotzailea eramango dut. Nire haize banda eraman nahi nuen, baina egongo da horretako aukera hurrengoan. Badira hamar urte ez naizela Euskal Herrian izan, eta desiratzen ari naiz itzultzeko.


No comments:

Post a Comment