Friday 14 August 2009

«Antzerkiaren magia sortzen dugu, baina trikimailua agerian utzita»

Iñigo Etxebarria, aktorea. 



Antzerkia, umorea eta zuzeneko musika nahasten ditu Ron Lala konpainiak. Bilbon jaiotako aktorea taldeko partaidea da, eta, gaur, 'Mundo y final' antzezlana taularatuko du Amurrion.

Bilbon jaio zen Iñigo Etxebarria 1975. urtean, baina gurasoen lana zela eta, Madrilera eraman zuten nerabe zela. Antzerkigintzan lan egiteaz gain, zineman aritu da -No somos nadie, Jordi Mollarena-. Mundo y final lana antzeztuko du gaur, 21:00etan, Amurrio Antzokian (Bizkaia). Ron Lala taldeko lau kiderekin batera, antzeztu eta musika egingo du zuzenean, apokalipsia umorez hartzeko.

Ekonomia ikasi zenuen, baina antzerkigintzan murgildu zinen. Antzerkiko aktoreen ekonomiaz ez zenekien ezer, ala?

Ekonomia ikasten ari nintzenean ere argi neukan antzerkia hartu nahi nuela lanbide. Ez dut esango bokazioa zortzi urte nituenetik dudala. Haatik, institutu garaian sortu zitzaidan. Antzerkia aurkitu nuenean argi nuen ezin nuela besterik egin. Horren argi duzunean, baliabide guztiak jartzen dituzu. Gure konpainia geuk kudeatutakoa da, eta, ikusle aldetik, arrakastaz ari gara.

Operaz edo musikalez harago, konpainia gutxi ausartzen dira antzerkia musikarekin zuzenean egiten.

Bai, hala da gaur. Baina antzerkia horrela jaio zen. Familia handiak ziren, eta denetatik egiten zuten: umorea, musika, poesia, albisteak... Ron Lalako kideok ere alor askotatik gatoz, eta horiek guztiak bateratzeko formula topatu genuen, eta oso ondo dabil. Izan ere, denok inguruan ditugun gaiak jorratzen ditugu, burlaizez, eta era ikusgarrian.

Katastrofeen antzerkia generoa asmatu duzue?

Ez naiz ausartzen hori esatera, baina zer gertatuko litzateke norbaitek deituko balu telesuntsipen zerbitzu batera mundua amaiaraz dezaten eskatzeko? Aitzakia bat da gure ikuspuntua aurkezteko, klima aldaketaz, munduko politikaz, modernotasunaren eta mundu zaharraren arteko harremanez.

Ahalegin berezia egin behar izaten duzue musika aldea jorratzeko?

Hiru musikari profesional ikasi ditugu taldean. Horiek antzerki lanera moldatu behar izan dute, eta antzerkigintza ikasi dugunok musika alderdira moldatu behar izan dugu. Halere, hau luzerako lasterketa da, eta gero eta gehiago jakin, orduan eta hobeki. Formakuntza integrala izan beharko luke. Guk aldamenean daukagunarengandik ikasten dugu.

Nola islatu da hori azken ikuskizun hau sortzeko prozesuan?

Prozesua oso azkarra izan da, bi hilabete baino ez ditugu izan hutsetik abiatuta sortzeko. Horren denbora gutxian egina izateko, oso ondo funtzionatu du. Jendea harritu egiten da aniztasunarekin, hau da, agertokian jartzen ditugun gauza ikaragarri askorekin. Mota askotako eszenak taularatzen ditugu -bertsoak, komedia, gauza narratiboak- eta testu zein musika mota ugari erabiltzen ditugu -rumba eta tangotik, rock eta reggaea-.

Zuen ikuskizunetan erritmoa oso garrantzitsua da. Ikusleari arnasa hartzeko betarik ez uztea ezinbestekoa dela iruditzen zaizu?

Komediaren ezaugarria da erritmo bizia. Ikusleen buruaren gainetik pasatu behar duzu, pentsatzen ez utzi komediak eragina izan dezan, eta ikuslearen barnean sar dadin. Agertokiaren planteamendua oso indartsua da, aktore guztiok une oro gaudelako taularen gainean. Ikuskizun honetan antzerkiaren trikimailua erakutsi egiten dugu, eta jendea asko harritzen da horrekin, antzerkiaren magia sortzen dugulako trikimailua agerian utzita.

Ikusgarritasuna ez al da mezuaren kaltetan erabiltzen?

Bizitzaz dugun ikuspegia agertzen dugu. Ez dakit kritika dei dakiokeen, burlaizez eginikoa baita, gauzei buelta emanda. Egunero denoi gertatzen zaigunaren inguruko beste irudia eman nahi dugu, bizitza ikusteko modu bakarra ez dagoela esan. Planetaz gain, barne munduetaz ere mintzo gara. Galdera ugari utzi nahi ditugu dantzan ikusleen buruan. Gauza bat bermatzen dugu, behintzat: munduaren amaiera zuzen-zuzenean erakutsiko dugu.

No comments:

Post a Comment