Sunday 23 August 2009

«Erakutsi nahi izan dut gauza asko aldatu zirela 1979. urtean, baina isilean»

Carles Guerra, artista.

Argazkilaria: musac


'Une erradikalei egindako monumentua' instalazioa edukiko du irailaren 6a arte artista eta kritikari katalanak Rekalde aretoan, 1979. urte itxuraz gatzik gabekoaren garrantzia nabarmentzeko.

Artista, arte kritikaria eta teorialaria da Carles Guerra (Amposta, Katalunia, 1965). Fulbright beka baten bidez, New School for Social Research eskolan ikasi zuen 2006. urtean. Une erradikalei egindako monumentua instalazioa dauka jarrita Bilboko Rekalde aretoan. 1979. urtearen inguruko hausnarketa egiten du.

Aurten Woodstocken 40. urteurrenaz jardun dute komunikabideek, baina zuk 1979. urtea nabarmendu nahi izan duzu. Zergatik?

1968. eta 1989. urteen artean zintzilik geratzen den urtea da 1979a, hau da, Parisko Maiatzaren eta Berlingo harresia erortzearen artean, eta ez dauka aparteko gertaerarik. Horregatik aukeratu nuen: lehen bistadizoan, ez zen gauza handirik gertatu 1979. urtean, baina ongi aztertzen baduzu, 30 urte geroago sekulako garrantzia dute orduan jazotakoek. Hori da nire egitasmoaren funtsa.

Zeintzuk dira gertaera horiek?

Irango iraultza, adibidez, eta Nikaraguakoa, azken honek aurten askoz zeresan gutxiago eman badu ere. Italian, kasu, Apirilaren 7ko Epaiketa gertatu zen: ehunka unibertsitate irakasle kartzelan sartu zituzten, gizarte mobilizazioa eta indarkeria bultzatzea leporatuta, tartean Toni Negri. Bartzelonan, berriz, Joaquim Jorda filma egiten ari zen, Numax lantegia euren gain hartu zuten langileekin. Gauza asko aldatu ziren 1979an, baina isilean.

Egungo egoeraren erroak hor ezarri zirela esan nahi duzu?

Bai. 1979ko apirilean elkar ezagutu zuten Ronald Reaganek eta Margaret Thatcherrek. Hilabete geroago, Thatcher Altxorraren ministroa zen eta Reagan Kaliforniako gobernadore posturako hauteskundeetara aurkeztu zen. Aliantza kontserbadorea topaketa horretan hasi zen, eta hor amaitu zen Italiako gizarteko mobilizazioa. Gauza asko amaitu ziren, eta beste batzuk hasi. Prozesu luzeak hasi ziren: Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu zuen. Peter Weiss Erresistentziaren estetika amaitzen ari zen eta Michel Foucaultek Biopolitikaren jaiotza ikastaroa ematen ari zen, liberalismoaren hazkundea aztertzeko: liberalismoarekin gero eta askatasun itxura handiagoa dago, baina kontrola gero eta estuagoa da.

Zelako egitura eman diozu gertaera saski-naski horri?

Urtekari batean bezala bildu ditut gertaerak, euren arteko begi bistako kausalitaterik edo loturarik agertu gabe. Haurrentzako denbora-pasa horiek bezalakoa da: zenbakiak dituzten puntuak daude, eta zenbakiok lotu arte ez da agertzen marrazkia. Horrela agertuko da, esaterako, autogintzan Forden eredua gainditu zela 1979. urtean. Nafarroako kasua eredua da: autoa ez zen aurrerantzean auto lantegian egin; sindikalista izan zirenak autonomo bilakatu ziren eta euren enpresetan egin zituzten piezak, autoa gero edonon munta zezaten. Lanaren eta kapitalaren antolaketa berriaren oinarria jarri zuten.

Zergatik sartu duzu lanean Bilboko Athleticen irudia?

Jokalarien atzean agertzen diren eraikin berriengatik. Izan ere, Bilboko hirigintza plana ezarri zuten 1979an, Bartzelonan bezala. Ez dakit Athleticek nolako emaitzak izan zituen urte horretan. Izan ere, gauzak ez ditugu ikusten euren bidez, baizik eta beste batzuen bitartez.

No comments:

Post a Comment