Friday 30 October 2009

«Gure ekintzen ondorioak onartzen ditugu, eta Poliziak berdin egin beharko luke»

Iñaki Otamendi, Bidea Helburu taldeko kidea.

Indarkeria-eza Aktiboa 8. Jardunaldi irekiak eta doakoak egingo dituzte gaur eta bihar Donostian. Aurtengo gai nagusia: Polizia eta ekintzaile baketsuen arteko harremanak bideratzeko modua.

Indarkeriarik eza aktiboa bultzatzen duen Bidea Helburu taldeko kidea da Iñaki Otamendi (Andoain, Gipuzkoa, 1971). Taldeak jardunaldiak antolatu ditu gaur, 18:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.

Polizia eta ekintzaileen arteko harremana aztertuko duzue aurten jardunaldietan. Zergatik gai hori eta zergatik orain?

Lehen urteetako jardunaldietan oinarria egiten aritu ginen: indarkeria-eza, desobedientzia zibila eta ekintza zuzenak zer diren azaltzen. Horretarako, antimilitarismoaren sorreran ibilitako jendea ekarri genuen, besteak beste. Hurrengo saioetan itzal handia izan zuen unean uneko egoerak: bake prozesua iritsiko zela, horretan geundela eta bukatu zela. Irakeko gerrak eta kanpoko beste gatazketan jarri genuen arreta gero. Aurrekoak baino gai monografikoa izango dugu gaur: zer egoerak ematen dira polizien eta ekintzaileen artean ekintza zuzenetan eta desobedientzia ekintzetan adierazpen askatasuna jokoan dagoenean? Eta zer baldintzak eman beharko lirateke hori indarkeriarik gabe garatzeko?

Zergatik gonbidatu duzue Asiako poliziei aholkuak ematen lan egin duen pertsona bat?

Amnesty Internationalek gida bat atera zuen poliziaren lana ulertarazteko eta arau batzuk emateko. Esaterako, poliziak tiro egiteko zer gertatu beharko litzatekeen kasu larrienean adierazten du. Era berean, poliziaren ekintzak epaitzeko prozedurak finkatzen ditu. AIko Tim Parritt Asiako hainbat herrialdetako polizia sistemak eraberritzeko prozesuak gainbegiratzen ibili da, araudi hori ezartzen. Kanpotik eta era aseptikoan, poliziaren lana zein den eta zer mugak dituen azalduko zuen norbait nahi genuen. Horregatik gonbidatu dugu.

Ertzantzak aurtengo udan izan duen jarrerak bultzatu zaituzte horretara?

Urte hasieran hasi ginen pentsatzen gaia, eta orduan ez zegoen halako egoera berezirik. Haatik, kezkatuta geunden ekintza zuzenetan askotan ematen den kriminalizazioarekin, abiadura handiko trenaren aurkakoetan, esaterako. Egun, Euskal Herrian, Poliziak beti modurik bortitzenak erabiltzen ditu jendea kalean sakabanatzeko. Ekintzaileok ere gure tresnak zeintzuk diren ezagutarazi beharko genituzke. Gauzak nola egiten ditugun azaldu beharko genuke. Udan gertatu denak ere eragina izango du jardunaldietan. Ez zaigu gaizki iruditzen gaiaren inguruan eztabaidatzeko foro bat izatea.

Posible ikusten duzu Rodolfo Ares Barne sailburua eta gizarte mugimenduak kode bat hitzartzea indarkeria saihesteko?

Poliziak bere lege propioa bete behar du, eta oraindik ere erregulazio mekanismo gehiago beharko ditu. Polizia eta ekintzaileen arteko artekaritza unean unekoa izan beharko luke. Guk argi dugu ezin dugula zain egon euskal gatazka amaitu arte hainbat gaitan aurrera egiteko. Desobedientzia zibila egiten dugunean, egindakoaren ondorioak gure gain hartzen ditugu. Poliziak ere hori jakin behar du, eta bere gain hartu. Ezin da erabili gure protesta euren aurrean biluzten garenean kriminalizaziorako. Aresek asko du ikasteko horren inguruan, baita ekintzaileok ere.

No comments:

Post a Comment