Wednesday 4 November 2009

«Haga ez da sinesgarria, soilik Balkanetako gerra kriminalak epaitzen baititu»

Marija Djurdjevic, antropologoa eta filologoa.




Berlingo Harresia botatzen hasi zirenetik hogei urte beteko dira aurki, eta horren harira hitzaldi zikloa antolatu dute Gasteizen. Gertaerak Jugoslavia ohian izan zuen eragina aztertuko du gaur Djurdjevicek.


Berlingo Harresia botatzen hasi zirenetik hogei urte beteko dira datorren astelehenean. Horren harira, Berlingo Harresia: iragana, oraina eta etorkizuna hitzaldi sorta antolatu du Europaren Sustraiak elkarteak, Gasteizko Luis Ajuria aretoan. Gaur hasiko dira jardunaldiak. 20:25ean, Marija Djurdjevic antropologo eta filologo serbiarrak hartuko du parte: Jugoslaviaren drama, Harresiaren erorketaren ondoren. Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle da Djurdjevic (Belgrad, 1969), eta hiriko Casa De L'Est erakundea zuzentzen du.

Hogei urte beteko dira Berlingo Harresia bota zutenetik, eta ospakizunak ospakizun, denentzat ez da data pozgarria. Zuretzat?

Niretzat ez da ospatzeko gauza, egia esan. Oso ondo bizi zen jendea Jugoslavian 1960 eta 1970eko hamarkadetan. Apur bat okerrago 1980ko hamarkadan, baina zerikusirik ez gero 1990ekoan etorriko zenarekin alderatuta. Jugoslavia herrialde irekia zen, etnia askotakoa, politikoki neutrala -lerrokatu gabekoa- Gerra Hotzaren garaian. Sistemak sozialismo autogestionarioa zuen izena, eta aski berezia zen: alderdi bakarra zegoen, baina erabakiak behetik hartzen ziren, hau da, biztanleria aktiboa eta parte-hartzailea zegoen. Herrialdea puskatu egin zen, eta gizarte hura galdu egin zen, harresia erori ondoren.

Lotura zuzena dago harresia erortzearen eta Jugoslavian gertatu zenaren artean. Zein izan zen Alemania batuaren eginkizuna?

Europak globalizazioaren trenean igotzea eta merkatuak zabaltzea erabaki zuenean, aldaketa handiak hasi ziren Europako ekialdean. Estatu nazio txikiak sortu ziren, eta sortzeko denbora, lan eta bizitza asko behar izan zituzten federazioak sakabanatzen hasi ziren. Batuketa kasu bakarra egon da: Alemaniarena. Horrez gain, orduko Jugoslaviako federazioko hainbat errepublikak -Eslovenia eta Kroazia- independentzia deklaratu zuten aldez aurretik Alemaniarekin adostuta. Alemaniak berehala onartu zituen herrialde berriak, hango gutxiengoen eskubideak errespetatzeko eskatu gabe. Herritarrak kanporatzen hasi ziren, eta herri batzuk babestu zituzten, beste batzuen eskubideen kaltetan, hau da, tratu ezberdina eman zieten Jugoslavia zeneko herri eta talde etnikoei. Horrek kaosa sortu zuen, eta herrialdea gerran murgildu zen. Gerra horretan jugoslaviar ohi guztiek galdu zuten.

Herri batzuei independentzia onartzen dietenek ukatu egiten diete beste batzuei, interes jokoaren arabera. Nazioarteak egin zezakeen guztia egin al zuen gatazka saihesteko?

Ez, kontrakoa. Ematen du gatazka bera zela nazioartearen helburua. Alde batetik estatu-nazioak sortzea baimendu zuten, eta, bestalde, Bosniak batua eta nazio askotakoa izan behar zuela setatu ziren. Badirudi helburua zela Balkanetan inoiz bakerik ez egotea .

Zu serbiarra izanda ere, ez al zaizu beharrezkoa iruditzen Radovan Karadzic epaitzea?

Ongi dago gerra kriminalak epaitzea. Baina denak epai ditzatela, baita Mendebaldekoak ere. Hagan soilik Balkanetakoak, batez ere serbiarrak, eta Kongokoak dauden bitartean, epaitegiak ez du sinesgarritasunik.

Hau ez da historiaren amaiera. Zabalduko al dira berriz zauriak? Noiz?

Potentzia handien interesen araberakoa izango da hori. Jugoslavia ohia eta Balkanak adibideak dira: elkarbizitza ona eta eredugarriarena zein txarrarena. Historiak erakutsi du munduaren ekonomia berriz antolatu den bakoitzean, gerra sortzen zela Balkanetan. Ikusiko dugu zer datorkigun orain: luze gabe, antza denez, herrialdeok Europako batasunean sartzea.

No comments:

Post a Comment