Thursday 29 October 2009

«Xalotasuna eta haurtzaroa goratzeko da nire musika, eta badu alde beldurgarri bat»

Kira Kira, musikaria.




Musikari eta artista islandiarrak Triku Festie jaialdia zabalduko du gaur, 21:00etan, Azkoitiko Matadeixen. Esperimentazioa lantzen du, baina alde naif atsegin batekin, ikusleekin bat egiteko.

Edu Lartzanguren. 

Kristin Bjork Kristjansdottir (Reykjavik, Islandia, 1977) musikaria eta artista da. Islandiako Kitchen Motors arte taldeko sortzailea da, eta uharteko hainbat musika taldetan hartu du parte. Duela hamar urtetik hona, Kira Kira izenarekin aritzen da agertokiaren gainean. Iaz, bigarren diskoa argitaratu zuen: Our Map to the Monster Olympics. Zuzenean, giro berezia sortzen du, agertokian bakarrik eta ohikoak ez diren musika tresnak erabiltzen.

Kira hitzak, japonieraz, distiratsu esan nahi du. Zergatik hartu zenuen izen hori?

Japonian bizi nintzen 1999. urtera aldera, eta gau batean ametsetan egin nuen: irrati batean jo behar nuen, eta nire taldearen izena galdetzen zidaten, eta hantxe bertan asmatu behar izan nuen. Taldearen izena «Kira Kira» zela esan nion esatariari. Esnatu nintzenean ez nekien hitzak zer esan nahi zuen, eta jaikitzeko orduan behatza apurtu nuen. Erietxera eraman ninduten, eta, han, izarren inguruko haurrentzako ipuin bat zegoen. Liburuan ikasi nuen kira zer zen.

Zer egiten duzue Kitchen Motors arte taldean?

Artistak eta musikariak elkartzen gara esperimentatzeko eta bat-batean sortzeko. Esperientziak eta musika sortzea da gure helburua. Nire aldetik filmak egiten ditut, Super8 formatoan, 16 milimetrokoak, eta egoerak sortzen ditut, jendea horietan sar dadin, eta esperientziak izan ditzan norabide guztietatik, begiekin, belarriekin eta bihotzarekin. Hirietan barna ibili eta soinuak jasotzea dut gogoko: kanpaiak, barre algarak... Gero musika bihurtzen ditut soinuok ordenagailuan. Gertatzen zaidanarekin aritzea maite dut.

Zure kontzertuetan ere, egoera bat bilatzen duzu?

Bai. Arte formen arteko mugak lausotzea interesatzen zait. Oso garrantzitsua iruditzen zait entzuleekin kimika ona izatea. Nire kontzertuetan elkarrekin gaudela iruditzen zait, esperientzia horretan, giro ona sortzen, poza. Ez da musikari bat agertokian bere istorioa jotzen, baizik eta jendea elkarrekin egotea ordubetez.

Bakarrik zaude agertokian, eta ohikoa ez den musika egiten. Ez al zaizu gogorra egiten?

Batzuetan bai. Gazteago nintzenean urduri egoten nintzen, baina orain oso eroso egoten naiz agertokian, asko gustatzen zaidalako egiten dudana. Oso energia ona sentitzen dut, batez ere, ikusleak irribarrez ikusten dudanean. Orduan jakiten dut zer edo zer ongi egiten ari naizela.

Tresna bitxiak erabiltzen dituzu, musika kutxak tartean.

Lagun batek utzi didan gitarra txiki itxusi bat daukat orain, Glockenspiel bat [metalofono txiki bat], musika kutxak eta zarata zoragarriak egiten dituzte mota guztietako jostailuak. Esan izan dute Bjork eta Sigur Ros taldearen arteko nahasketa naizela, baina hori diote soilik islandiarra naizelako. Oso pozik nago hemengo jaialdian parte hartzeagatik, Damo Suzukirekin partekatzen dudalako kartela, besteak beste.

Zergatik soinu naif horiek egitasmo esperimental batean?

Ohiz kanpoko nahasketa da, bai. Niretzat, xalotasuna eta haurtzaroa goratzeko modu bat da. Aldi berean, badu alde ilun eta beldurgarri bat. Biak elkartzen direnean, zer edo zer miresgarria sortzen da.

No comments:

Post a Comment