Tuesday 27 October 2009

Oana Tampanariu, itzultzailea.





Errumaniako Transilvania eskualdetik Bilbora heldu zen emakume eleaniztuna duela hamairu urte, euskaldun batekin maiteminduta. Errumaniarren aurkako aurreiritziez mintzatuko da gaur Iurretan.

Oana Tampanariu Transilvaniako Targu-Mures hirian jaio zen, 1971. urtean (Errumania). Hiriko populazioaren erdia bulgarieraz mintzo da, eta beste erdia errumanieraz. Etniarik handienetan hirugarrena ijitoak dira. Aniztasun horren ondorioz sei hizkuntza dakizki. Euskal herrian bizi da 1996. urtetik, eta urte askotan itzultzaile lanetan aritu da. Errumania ezagutu hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Iurretako Ibarretxe kultur etxean (Bizkaia). Euskal Herrian Errumaniaren eta errumaniarren inguruko topiko, aurreiritzi eta ezjakintasunaren kontra egunero egin behar izaten duen borroka kontatuko du.

Lehen ere salatu izan duzu hemengo hedabideek Errumaniaz ematen duten irudia. Hor ez da aurrera egin?

Hemengo telebista batek «errumaniar behartsuak» eskatu zizkidan duela hiru bat urte, saio batean agertzeko. Hitzez hitz. Auskalo nola ulertu behar den «behartsu» hori. Kategoria horretan ez nintzela sartzen erantzun nien; ez nintzela behartsua, alegia. Barkamena eskatu zidaten gero. Ikasle bati galdetu nion aurreko egun batean zer ote zekien Errumaniaz: pobrezia, langabezia, ezjakintasuna eta..., nola ez, Drakula. Egia da, Drakularen gaztelutik 60 kilometrora jaio nintzen. Errumaniaz ezer ez dakitela erantzuten didatenean, 'gaitzerdi!' pentsatzen dut. Baina Euskal Herrian azken urteotan gauzak aldatzen ari direla uste dut.

Duela 30 urte arte Errumanian jendea oso ondo bizi zela esan ohi duzu.

Nire gurasoek esan izan didate jendea oso ondo bizi zela 1980ko hamarkadara arte. Italiarrak etortzen ziren bizitzera 1960ko hamarkadan, atera kontuak! Orduan Ceaucescu kamarada Txinara joan zen, eta maitemindu egin zen desfile eta eraikin erraldoiekin eta txaloekin. Ondorioz, sozialismoa alde batera utzi eta komunismo gogor eta itxusia ezarri zuen orduan Errumanian, eta gainbehera hasi zen.

Europako Batasunean sartuta, ordea, ez dira gauzak asko hobetu.

Asko aldatu da egoera, onerako zein txarrerako. Lehen, dirua bazegoen, baina zer erosi ez. Orain, badago zer erosi, baina dirurik ez. Lehen, Polizia etortzen zen etxera, ezer esan ez bazenuen ere. Orain, esaten baduzu ere, inork ez dizu kasurik egiten. Baina lan munduari eta baldintzei dagokienez, Euskal Herriak antza handia du Errumaniarekin.

Hori ez al da gehiegi esatea? Errumanian, esaterako, haurra erditzean ordaindutako bi urteko oporrak ditu amak.

Hemen eszedentzia eskatu nuen, eta lanposturik gabe geratu nintzen. Sei hizkuntza eta bi lizentzia ditut, eta tarteka sortzen zaizkidan lanetan aritzen naiz, haurra zaindu nahi izan dudalako.

Euskaldunok errumaniarrekiko aldatzen ari garela esan duzu. Zertan?

Lana ukatu zidaten behin errumaniarra izateagatik, baina kalean ez naute inoiz diskriminatu. Belaunaldi gazteek gehiago ikusten dute munduaren aniztasuna. Hona heldu nintzenean, nire adineko asko inoiz hemendik atera gabeak ziren. Ez zekiten ezer. Orain, berriz, igartzen da gazteek gehiago bidaiatzen dutela. Espero dut gaur behintzat jakin-mina piztea. Errumanieraz esaten dugun bezala, jaten egiten da gosea.

No comments:

Post a Comment