Friday 11 December 2009

«Erraz identifikatzen gara pertsonaiarekin, denok garelako kantaririk txarrena»

Eneritz Artetxe, aktorea.



'Souvenir: la peor cantante de la historia' antzezlana estreinatuko du gaur Maskarada taldeak. Artetxek Florence Foster abeslarigaia antzeztuko du, gaurko telebistako 'freak' pertsonaien aitzindaria.

Eneritz Artetxe aktorea (Gernika, Bizkaia, 1973) Basauriko Antzerki Eskolan eta Londresko Philippe Gaulier zentroan trebatu zen. Julia Bilbao pertsonaia antzeztu zuen Goenkale telesailan. Gaur Souvenir, la peor cantante de la historia antzezlana estreinatuko du, 20:00etan, Barakaldo antzokian. Lan horrekin 30. urteurrena ospatu nahi du Maskarada taldeak. Florence Foster Jenkins abeslarigaia (1868-1944) antzeztuko du Artetxek. XX. mendearen hasieran, ospe handia lortu zuen Fosterrek kantari gisa, abesteko orduan desastre hutsa izan arren.

Ilusiorik egiten al dizu munduko abeslaririk txarrena deiturikoa antzezteak?

Kristoren ilusioa egiten dit, oso pertsonaia polita da. Gutxitan egokitzen zaizu halako pertsonaia interesgarriak antzeztea. Klase altuko andre bat da, abesterako orduan ideiarik ere ez zuena, baina sekulako ilusioa zuena kantatzeko. Gainera, eduki zuen pasioarengatik eta burugogorra izateagatik antzokiak betetzen zituen. Diru asko zeukan, eta horri esker atera zuen aurrera musika ibilbidea. Oso gustuko dut pertsonaia. Geuk, noski, geure bertsioa egin dugu. Antzeko beste batzuk egon ziren garai hartan, baina diskoak entzun ditugu, eta hau da, dudarik gabe, onena; txarretan onena, alegia.

Antzezlanean zuzenean abesten duzu. Gaizki kantatzen ikasi behar izan duzu, edo berezko dohaina duzu?

Berezkoa dudan edo ez beste batzuk esan beharko dute. Baina gauza bat esan dezaket: landu egin dut, eta ez da erraza izan. Erronka du horrek. Izan ere, batzuetan asmatu egiten zuen hark. Haren diskoak entzutea gomendatzen diot jendeari, benetan ondo pasatzen duzulako; barre egiten duzu. Zuzenean kantatzeaz gain, haren grabazioak erabiltzen ditugu antzezlanean.

Entzuleak barre egitera joaten zitzaizkion antzokira.

Haren azken kontzertuan 2.000 pertsona gelditu ziren sartu ezinik. Haren ustez, barre egiten ziotenak beste diva batzuk ordainduriko jendea zen. Berak ez zuen zalantzarik bere talentuaz. Kultura handiko emakumea zen, oso ona gauzak antolatzen... Nola da posible halako pertsona batek ez konturatzea barregarri geratzen zela? Izugarri interesgarria da.

Ez al gara denok Florence Foster: izan nahi genukeen horretan txarrak, eta, aldi berean, benetan ditugun trebeziak baloratzen ez ditugula?

Bai, denok gara munduko abeslaririk txarrena. Horregatik identifikatzen gara horren erraz pertsonaiarekin. Zer edo zer izugarri gustatzen zaizunean, musika, antzerkia edo sukaldaritza, hori oso ondo egiten duzula uste duzu, eta, berriz, gehiegi axola ez zaiguna izugarri ondo egiten dugu. Ikuskizuna trajikomedia fina da. Musikal txiki bat, azken finean. Maskarada taldearen 30. urteurrena ospatzeko egokia da, haien estiloko lana da: absurdoa, baina sentimenduekin.

Gaurko telebistan horren zabalduta dauden freak pertsonaien aitzindari izan zen Florence Foster?

Bai, baina orduan ustekabea izan zen. Gaur, ordea, erabili egiten dituzte pertsonaiok. Hedabideek jartzen dituzte jendeak barre egin dezan. Orain modan daude halakoak. Tamara La Mala hor egon zen. Espirituan antzekoa da, baina ezin dira konparatu pertsonaiak. Fosterrek gaitasun asko zituen, eta ez zuten inoiz erabili, berak erabili zuen bere burua: antzokia alokatzen zuen, eta jendea joaten zen ikustera. Berak egin zuen azken barrea.

No comments:

Post a Comment