Thursday 10 December 2009

«Igerilekuko eszenekin eta surflariekin dudan sentipen mistikoa erakutsi nahi dut»

Javier Soto, margolaria.



Gipuzkoako Goierriko artistak ur jolasen inguruko eszenak margotu ditu azken boladan. Erakusketa zabaldu berri du Ordizian. Gaur, zuzenean azalduko die ikusleei bere irudien atzean dagoena.

Javier Soto margolariak (Lazkao, Gipuzkoa, 1958) erakusketa zabaldu berri du Ordiziako Barrena kultur etxean (Gipuzkoa). Igerilekuetako eszenak eta surflarien eszenak jasotzen ditu koadroetan, betiere begirada eguneroko bizitzatik harago jarrita. Erakusketa abenduaren 30era arte egongo da ikusgai. Artistak berak bisitariak gidatuko ditu gaur eta datorren ostegunean, 19:00etan.

Igerilekuak eta surf eszenak; bietan ura da elementua. Zergatik ura?

Bi ezaugarri dituelako: definizioa eta lausotasuna. Urak alde arin bat du, abstraktua. Bestalde, konkrezioa erakusten du, handik ateratzen zarenean. Sentipen mistikoa dut igerilekuetako eszenekin eta surflariekin, eta hori erakutsi nahi dut. Ez da arrazionala, baizik eta zer edo zer bilatzea. Sentipen horiek behar ditugu, gure bizitzari eta harremanei zentzua emateko.



Hondartzatik zerura, noski, baina zer mistizismo mota ikusten duzu surflariengan?

Surfa ikaragarria da, zoragarria, beste gauza batzuk bezala. Naturarekiko harremana da; borroka eta jolasa aldi berean. Surflaria itsasoarekin senidetzen da. Zientzialariarengan ere ikusten dut hori: lana eta jolasa batera. Hainbat balio ematen dizkiete horiek gizarteari.


Zuretzat ez dago kontraesanik funtsezkoena gozamenean bilatzean?

Ez dago inolako kontraesanik, kontrakoa baizik. Kontuz, gozamenaz ari naizenean ez naiz kaskarinkeriaz ari. Gizakiak ahalmen miresgarria du jolasteko, harremanetarako eta maitatzeko. Mistikaz ari naizenean, ez nabil erlijio ekintza batez, baizik eta gizakiak ezezagunaren aurrean duen jarreraz, hor sumatzen duen gauza bera baino sublimeago horren aurrean. Ez du erlijio dogma batekin zerikusirik, haatik, jarrera bat da. Gizakien ahalmen horiek, jakinmina tartean, dira dugun gauzarik handiena. Nola ez ditut sartuko, bada, nire artean?

Zertan bereizten da zintzilikatu duzun lana eta orain arte egin duzuna?

Hasierako emozioa gordetzen dudala uste dut. Lehen paisaiak eta erretratuak landu izan ditut. Beti emozioa bilatu dut, jendearekin bat egiteko. Duela bi urte figuran eta eguneroko bizitzan arreta jartzen hasi nintzen. Eguneroko bizitzak beste ñabardura bat hartzen du zentzu bat ematen diogunean, beste garrantzia bat hartzen du, irudia hartzerakoan beste inpresio bat ematen duzunean.

Beste bide batzuk hartuko dituzula iragarri duzu. Itsas bazterretik nora joango zara?

Basoan sartuko naiz, eta hirian. Lehen ere landu dut basoa, baina orain beste modu batera landuko dut. Dagoeneko ari naiz lanean, baina jarrituko dut igerilekuak eta surfa lantzen, dena lotuta dagoelako. Natura ezinbestekoa da denontzat, hor deskubritzea naturarekin dugun lotura. Hemen dugun naturarekin are garrantzitsuagoa da hori aurkitzea, eta, batez ere, geure buruak aurkitzea.

Basoan sartzen denak otsoa aurkitzen du, eta bere burua bilatzen duenak munstroa, agian. Zuk nondik ateratzen duzu baikortasun hori?

Gizakian sinisten dut, giza balioetan. Geure buruan sinistea garrantzitsua da. Berdin dio zein ideologiatakoa zaren, denetarikoak garelako, baina sinistu behar dugu zer edo zer egin dezakegula, eta gauzak altxatu gizarte honetan. Margolariak kopiatik harago joan behar du. Nik ez dut kopiatu nahi, baizik eta horri norabide bat eman, eta jendeak ikusten duenean zerbait gehiago ikustea, transzendentziarekin bat egiteko.

No comments:

Post a Comment