Wednesday 16 December 2009

«Krisiaren amaieraren hasieran gaudela sinetsarazi nahi digute eliteek»

Esther Vivas, gizarte ekintzailea.



'Supermercados? No gracias' hitzaldia emango du gaur Iruñean Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko ikertzaileak, Kalaska Espazioan, Kontsumoaren Aurkako Abendua saioan.

Esther Vivasek (Sabadell, Katalunia, 1975) gizarte mugimenduak ikertzen ditu Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean. Hainbat liburu idatzi ditu, kontsumo arduratsuaz eta elikadura burujabetzaz. Supermercados? No gracias hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Iruñeko Kalaska Espazioan, Ekologistak Martxan, Setem eta beste hainbat talderen eskutik.

Kontsumismoaren kontrako mezuak Gabonetan zabaltzea ez al da alferrikako lana?

Alferrikakoa Gabonetan egiten den gehiegizko kontsumoa da. Saltoki handiak kontsumo eredu konpultsiboaren adibidea dira. Kapitalismoak salgaiak ekoizten ditu, eta gero norbait behar du horiek erosteko, eta hor sartzen gara gu. Ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko beste eredu bat behar dugu. Ekonomiaren, ekologiaren eta gizartearen krisi honek inoiz baino argiago utzi du kapitalismoak ez dituela gure oinarrizko beharrak betetzen.

Krisia hasi zenean, 2008an, ezkerreko hainbat ahotsek gauzak aldatzeko aukera iragarri zuten. Krisian ongi sartuta bagaude ere, zergatik ez dira alternatibak ikusten inon?

Ameriketako Estatu Batuetako 1929ko hondamendiaren inguruko erantzunak sortzeko, hainbat urte behar izan zituzten. Krisiaren lehen fasean gaude, azalean, nahiz eta elite politiko eta ekonomikoek amaieraren hasieran gaudela sinetsarazi nahi diguten. Hasieraren amaieran gaude, eta asko geratzen zaigu. Espainiak Europako Batasunaren presidentetza hartuko du urtarrilean, eta hori aukera ona izan daiteke erantzuna emateko.

Hamar urte bete dira aurten Seattleko bataila deiturikoa gertatu zenetik. Ez al zen mugimendu hura behar baino hamar urte lehenago etorri?

Gaurko krisiak arrazoia ematen dio globalizazioaren aurkako mugimenduari. Inoiz baino egokiagoak dira gaur mugimenduak orduan egin zituen proposamenak. Gero eta argiago dago, kapitalismoa ez da bateragarria gizateriarekin eta naturarekin. Mugimendu hura zatituta dago gaur, tokian tokikoari begira. Baina kritika sare emankorra sortu du gizartean, eta nazioarteko erakunde horien sinesgarritasuna kolokan jarri du. Aukera dago gaur, baina kontuz ibili behar dugu, krisiaz balia bai- taitezke eskuineko mugimen- du populista eta erreazkionarioak.

Kopenhagekoo goi bilkurak dagoeneko porrot egin duela esatera ausartuko zinateke?

Badirudi ez dela egiazko akordiorik egongo klima aldaketari aurre egiteko politikak zorrotz aldatzeko. Konpainia handien interesen zerbitzura dago eta konponbide faltsuak proposatzen ari da.

Euskal Herriko esne ekoizleak erosleari zuzenean saltzeko makinak jartzen ari dira hainbat herritan, eta arrakasta handia dute. Hori al da proposatzen duzun bidea?

Bai. Jendeak gero eta argiago du beste eredu bat behar dela. Elikatzea eskubidea da, eta gaur pribatizaturik dago, hazitik dendaraino. Espainian zazpi konpainiak kontrolatzen dute elikagaien banaketa. Katalunian ehun kontsumo talde baino gehiago daude: ekoizleei zuzenean erosten diete, nekazaritza ekologiko eta familiarra bultzatzeko. Baina behar dugu kontsumo hori gizabanakoaren aukera izatetik ekintza politikoa izatera pasatzea.

No comments:

Post a Comment