Sunday 20 December 2009

«Ikusleekiko harremana berreskuratu nahi dut, ikuskizun jendetsuen aldean»

Carmen San Esteban, aktorea.



Ikusleak banaka hartuko ditu aktore gasteiztarrak datozen asteetan, Arabako hiriburuan jarri duen armairuan, eta zazpi minutuko antzerkia eskainiko dio bakoitzari. Txanda eskatu behar da.

Ostiralean abiatu zuen ¿Entras? (Sartuko al zara?) antzezlana Carmen San Esteban Aktoreak (Gasteiz, 1965). Urtarrilaren 10a arte antzeztuko du lana, Hedegile kaleko 30. zenbakian instalatu duen armairuan. Lana ikusteko txanda han bertan eska daiteke, edo telefono honetan: 656-71 07 93.

Nola bururatu zitzaizun ikusle bakar batentzako antzezlan hori sortzea?

Telebista, zinema eta antzerkia egin dut, baina neure egitasmoetan, azken boladan, jende gutxirentzako lanak egin ditut. Hori muturrera eramanda, neure buruari galdetu nion: zer gertatuko litzateke lan bat egingo banu ikusleak banaka hartzeko? Motza izan behar zuen lanak, noski. Ikuslea voyeur eta parte-hartzaile bihurtzen da, armarioko atetik sartzea erabakitzen duen unetik. Zu ez al zinen armairuetan ezkutatzen txikitan? Ni bai. Horretan berriz ezkutatzea proposatzen diot ikusleari, aurki dezan zer utzi duen han barruan txikitatik.

Armairu horretan engainurik eta faltsurik ez dagoela diozu. Baina ez al da engainua antzerkiaren funtsa?

Bai. Baina ikusletik metro erdira egiazkoa eta sinesgarri izateko aktoreak duen erronka ikaragarria da armairu honetan; ez da agertokian mila ikusletik urrun egotea bezalakoa. Aliziaren ispiluaren bestaldera sartzen dira.

Inprobisatzen duzu ikusleak duen erreakzioaren arabera?

Ildo bat dut ikusle guztientzat, baina, erreakzioaren arabera, aldatu egiten dut. Izan ere, ikusleen erreakzioa lanean sartu nahi dut. Niretzat opari bat da, eta ikuslearentzat ere ona dela uste dut.

Urrian, Gasteizko Antzerki jaialdian 60 pertsona sartu ziren zure armairuan. Nolakoa izan zen?

Zoragarria. Ez nekien zer gertatuko zen. Kaleko jendea sartu zen. Pertsona bakoitzarentzat mundu bat izan zen, emozionatu egin ziren asko, eta denek denboraren nozioa galdu zuten apur bat. Batzuek hitz egiten didate, beste batzuek begiratu besterik ez, batzuk asko dibertitzen dira. Ni prest nago armairuan gerta daitekeenarako. Sinesgarri izaten eta eroso sentiarazten saiatzen naiz. Niri honek konfiantza ematen dit nire ildotik jarraitzeko: nahiago izaten dut gutxirentzat aritu, haiengana heltzen banaiz.

Ikusle bakoitzak erabakiko du zenbat ordaindu lana ikusi ondoren. Ez duzu gutxieneko salneurria ezarri?

Ez. Gaur egun ekitaldiak jende multzo handientzako antolatzen dira, horregatik pentsatzen dugu kulturak ez duela ezer balio. Harremana berreskuratu nahi dut. Ez dakit zer gertatuko den. Lana egunero 30 edo 40 aldiz egin behar dut, ikuskizuna existitu dela esan ahal izateko. Neronek alokatu dut egoitza, erakundeen diru laguntzarik gabe. Asko arriskatzen ari naiz.

No comments:

Post a Comment