Wednesday 3 March 2010

«Gaur ez da nahikoa beste garraioak bultzatzea; tokia kendu behar diogu autoari»

Alfonso Sanz, urbanista.



Besteak beste, Donostiako oinezkoentzako plana egin zuen Sanz adituak. Hiriak oinez ibiltzeko direla dio, eta bere ikuspegia azalduko du gaur Bilbon, Ekologistak Martxan-ek antolaturiko jardunaldietan.

Alfonso Sanz (Madril, 1957) geografoa eta matematikaria da, eta hirigintza iraunkorreko aditua. Besteak beste, Donostiako eta Zorrotzaurreko (Bilbo) mugikortasun plangintzak egin ditu eta Europako Batzordearentzat aholkulari aritu da. Bere hirian, Madrilen, bizikletaz mugitzen da, 1974. urtetik. Hiriak oinezkoentzako bihurtzeko eztabaidaz mintzatuko da gaur, 19:30ean, Bilboko Zazpikaleetako Pilota kaleko Ekoetxean, Ekologistak Martxan elkarteak antolaturiko jardunaldietan.

Hiriko kale batzuk oinezkoentzat prestatu eta bidegorri bihurri batzuk jartzea ez al da udal hauteskundeetarako erabiltzen duten zuribidea?

Kale batzuk oinezkoentzat jartzea ez da arazoaren muina. Hori askoz eztabaida zabalagoan sartu behar da: nola mugitzen garen hirian eta nolako hiriak nahi ditugun. Hori guztia zergatik lotu behar den argitzea da nire asmoetako bat. Oinezkoentzako guneak egiteak ez luke izan beharko helburu nagusia. Tresna bat izan daiteke hainbat lekutan.

Zertan bereizten dira galdera horiei erantzuna eman dien hiria eta gaurko ereduari jarraitzen diona?

Oinezkoak erraztasuna eta segurtasuna izango luke hiri osoan ibiltzeko, auzo eta zerbitzu guztiak oinez lotzeko eta hiriaz gozatzeko, eta ez gune mugatu bakan batzuetan ibiltzeko edo gauza zehatz batzuk egiteko. Oinezkoentzako guneak soilik erosketetarako edo turismorako pentsatzea hiria mugatzea da, indiarren erreserbetan zatitzea. Zabaldu egin behar dugu ikuspegi hori. Oinezkoa da hiriaren eraikitzaile nagusia. Hirietako mugimendu gehienak (%40-50) oinez egiten dira, batzuk datuarekin harritzen badira ere. Euskal Herriko hiriak aitzindariak dira horretan eta hiri guztietan badago aukerarik gauzak oinezkoarentzat hobetzeko.

Eta, halere, familia bakarreko etxeen auzoak egitea dago modan hemen.

Halako hiri sakabanatuak ezinezkoak dira oinezkoarentzat, bizikletarentzat eta garraio publikoarentzat. Autoaren menpeko hiria sortzen ari gara eredu horrekin, eta etorkizunean askoz arazo gehiago ekarriko dizkigu, oinez mugitzea bultzatzeko orduan.

Beste moda bat tranbiak egitea da. Kaltegarria al da hori ere?

Soilik ekonomia aldetik aukerarik hoberena badira eta aldi berean autoen zirkulazioa eta aparkatzea mugatzen bada egin behar dira tranbiak. Gaur nazioartean ez da nahikotzat ikusten beste garraiobideak bultzatzea autoaren aurrean. Neurri horiek indarra izan dezaten, autoa mugatu egin behar da. Tokia kendu behar zaio autoari. Ez da erraza, azken 50 urteetan administrazioaren kezka nagusia hirian autoari lekua egitea izan delako.

Merkatariak kexatzen zaizkizu, autoari jarritako trabek jendea merkataritza guneetara bultzatzen dutela argudiatuta.

Kexak funtsik ez duela frogatuta dago. Erosten duzunean, giro eroso eta atsegina nahi duzu, eta hori hiriaren erdigunean izan dezakezu, salgaiak garraiatzeko bide ona badago.

Nola izango dira gure hiriak 50 urte barru?

Petrolioa garestiegia izango da autoekin jolasten ibiltzeko. Hiriak gizakiaren, oinezkoaren eskalara egingo dira, distantzia motz eta ertainekin. Gure hanketan oinarrituko dira.

No comments:

Post a Comment