Friday 26 February 2010

«Zen pinturan ez duzu zeuk egiten margoa, berez sortzen da»

Laura San Juan, margolaria.



Edonork hamar urratsetan eta Japoniako budisten erara eguzki lore bat egiteko metodoa asmatu du artista donostiarrak. Gaur, paper eta tintazko zen margoa irakatsiko du Donostian, tailer irekian.

Laura San Juan (Donostia, 1963) margolaria da eta Donostiako Katalina Erauso Arte Klubeko eta Lugaritz kultur etxeko arte irakaslea. Pintzel Zen elkartea sortu berri du. Japoniako zen pintura eta paper gainean tintarekin margotzeko teknikak maite dituztenak biltzeko eta zaletasuna zabaltzeko. Tailer irekia egingo du gaur, 16:00etatik 20:00etara, Loiolako Kultur Etxean (Donostia).

Nola heldu zinen honetara?

Ohiko margolaria izan naiz betidanik, hiriko margolaria. Duela bost urte ikasi nuen zen pintura, Andy Kay maisu estatubatuarrarekin. Erabat liluratuta geratu nintzen, eta hemen ez dagoenez nork irakatsiko dizun, neuk jarri behar izan dut neure burua irakasle.

Zergatik zaizu horren interesgarri?

Margogintza guztia interesatzen zait. Baina, honetan, keinua oso garrantzitsua da, eta materiala, izugarri fina: arrozezko papera eta txinako tinta. Margotzeko keinuaren bidez, pertsona bakoitzak duen indar egoera erretratatzen da. Horretan da ezberdin, ohiko pinturarekin parekatuta: keinuan. Txinako pintzela erabiltzen dut orain denerako, baita olio lanak egieko, paisaiak eta.

Japonian eta Txinan hitzak margotu egiten dituzte, ideogramen bidez idazten dutelako. Ba al du zentzurik hemen hori egiteak, marrazki horietan irakurtzen ez badakigu?

Nazioartekoa da hau, eta denboraz gaindi dago. Ikasteko eta margotzeko modua duela 2.000 urte Japonian erabiltzen zen berbera da. Maisuek goitik behera azalduta utzi zuten nola hartu behar den pintzela eta nola prestatu behar den tinta. Askatu behar duzu zeure pertsona, egoera berezi bat lortu behar duzu, benetako zen margoa izan dadin.


Nola bereizten da benetako zen margo bat?

Zuk ez duzu margoa egiten, berak egiten du bere burua. Berez sortzen da, baina kontrolatua. Tintaren istripu kontrolatuak dira. Horregatik erabiltzen da arrozezko papera, behin eginda ezin delako ezer zuzendu.

Zen maisu batek esan zuen behin zen budismoa apropos-apropos zetorkiola euskaldunon izaerari. Ados zaude?

Metodo bat diseinatu dut, edonork hamar urratsetan eguzki lore bat marraztea izan dezan, eta liburuxka argitaratuko dut laster. Zen eguzki lore bat litzateke, haien modura egina. Ahalik eta minimalisten egin dut, eta hamar urratsetara mugatu. Ikastoletan ere probatu dut formula, eta oso ondo funtzionatzen du.

Zen marrazki tipikoena borobil beltz huts bat da, eta zen maisuek beti hitz egiten dute hutsunea sortzeaz. Oteiza da Asiako budista eta taoistekin dugun katebegi galdua?

Borobil horri enzo esaten diote. Ez du hasierarik edo amaierarik, barrukoa eta kanpokoa bereizten du, kosmosaren ikurra da. Entzun genion hori guztia Oteizari. Kay maisuarekin Donostiako Bukowski tabernako zutabeak margotu ditugu aurten. Einsteinen arbela deitu diogu lanari. Bat-batekotasunean oinarrituriko ariketa da, zen margoa bezala. 




No comments:

Post a Comment