Sunday 7 March 2010

«Herri musikaren eta musika jasoaren arteko erdibidea hartzea erabaki dut»


Asier Lopez Iraola, musikaria.

Argazkilaria: Ainhoa Sanchez
Trash metal taldetan bateria jotzen hasi zen besaindarra, eta musika garaikidearen konposatzaile bihurtu da. Bihar 'Hasiera' egitasmoa estreinatuko du Donostian, porrotaren estetikan oinarritutako lana.
Asier Lopez Iraola musikariak (Beasain, Gipuzkoa, 1979) Hasiera egitasmoa aurkeztuko du bihar, 20:30ean, Viktoria Eugenia Klubean, Jazzaldirako aukeraketa prozesuaren harira.

Nola bihurtzen da trash estiloko bateria jotzaile bat musika garaikidearen sortzaile?

Trasharekin hasi nintzen; bateriarekin hasieran, eta gero gitarra eta teklatuak jotzen. Belarriz, betiere. Gero, filosofia ikasi nuen, eta iruditu zitzaidan nire musika era kontzienteagoan sortzeko ondo legokeela armonia eta kontrapuntua ikastea. Musikenen konposizioa ikasi nuen bost urtez. Musika idatziaren edo jasoaren arteko gatazka beti dago nire barnean, eta baketzen saiatzen naiz nire musikarekin, hain zuzen ere.

Zein ari da gatazka irabazten?

Formatu baten bila ibili naiz, nire ibilbidea borobiltzeko. Zirkulua itxi behar nuen. Ez nuen neure burua soilik konpositore garaikide gisa ikusten, edo jazzekoa edo rockekoa. Ni hori guztia naiz. Dena bilduko zuen zerbait sortu nahi nuen. Jasoak irabazi du, alde batetik, nire musika idatzi egiten dudalako. Herri musikaren aldetik, ordea, abestia hartu dut formatu gisa, eta elektronika. Erdiko bidea hartu dut, ez musika sobera intelektuala, baina esperimentaltasun puntuarekin.

Zertan da Hasiera egitasmoa?

Zortzi abestiko blokea amaitu nuen iaz. Musikariekin lantzen hasi nintzen abuztuan, nahiz eta kanta berriak bururatu. Askotan erreprimitu behar izaten dut sormena. Horietako bost joko ditugu, gehi biharko kontzerturako espreski idatzi dudan introa. Porrotaren poetikarekin lotuta daude abestiak: bizitzari zentzua ematen saiatzen gara, baina ezinezkoa suertatzen zaigu, ezin dugulako errealitatea kontrolatu.

Horregatik maite dituzu usteltzeko bidean diren liburuak?

Gune hondatuak beti iruditu zaizkit estetikoki oso boteretsuak. Liburuekin saiatzen gara errealitateari zentzua ematen, eta lurrean pilatuta eta usteltzen ikusteak saioaren porrotaren sinboloa ematen zidan, baina, baita ere, saiakerari duintasuna itzultzeko aukera: perfektua ez bada ere, gurea da, eta errespetua merezi du. Porrota, krisia eta hondamendia hasierarako aukera dira. Ni ere Asier naiz.

Biharko saioa ere hasiera izango da?

Bai. Aspaldi ez naiz entzuleekin elkartu, eta horren falta sumatzen dut. Nire heldutasun musikalaren hasiera izango da.

No comments:

Post a Comment