Tuesday 9 March 2010

«Emakumeak eta gizonak kaka berean gaude, jartzen diguten eredua bete ezinik»


Josune Monton, aktorea.


 Virgine Despentesen 'King Kong teoria' liburuaren hitzaurrean oinarrituriko antzezlan laburra moldatu du antzezle donostiarrak. Gaur taularatuko du, Gasteizen, emetasun berrirako manifestua.

Josune Monton (Donostia, 1970) antzerkigintza dabil 1984. urtetik. Besteak beste, Legaleon eta Detritus taldeen ekoizpenetan egin du lan. Virginie Despentesen King Kong teoria liburuaren hitzaurrean oinarrituriko antzezlana aurkeztuko du, euskaraz, gaur, 20:30ean, Parral tabernan (Gasteiz). Bortxaketaren, prostituzioaren eta pornografiaren inguruko lana; batzuen arabera, feminismo berri baterako manifestua.

Zergatik erakarri zintuen 'King Kong teoria' liburuak, antzezlana moldatzeko adina?

Liburua irakurri nuen, eta izugarri interesgarria iruditu zitzaidan. Hitzaurrea irakurri, eta pentsatu nuen: honekin zer edo zer egin daiteke. Ikusi nizkion aukerak antzerkirako. Lantzen hasi eta ikusi nuen lan serioa merezi zuela. Iñaki Segurola Ogro-ri eskatu nion euskaratzeko, testua oso makarra delako, eta hura ere halakotxea delako. Itzulpen ederra egin du, sekulakoa. «Halakoak normalean ez dira euskaraz entzuten», esan dit jendeak, eta eskertu egin du antzezlana.

Nola moldatu duzu antzerkirako?

Testua ia ukitu gabe dago. Izan ere, idazkerarengatik oso egokia da. Gustuko dut testuak hainbat lekuetatik ateratzea, horrekin gero sortzeko. Testuarekin jolastu dut. Jolasak eta hainbat tono sartu dizkiot, dena berdin izan ez zedin. Jatorrizkoan, bere buruaz hitz egiten du idazleak, eta nik ez nuen hartaz hitz egin; horregatik sortu dut pertsonaia bat, hori esan zezakeena.

Emakume ereduaren inguruko hausnarketa da: ederra edo piztia izatearen artean, King Kong aukeratzeko proposatzen du.

Emakumeak gaztea, ederra, eta limurtzailea izan behar du, baina ez puta. Ongi ezkondua, baina ez senarraren itzalpean; etxekoandre ona, baina ez neskamea... Eredu hori zapuztu nahi du. Itsusien aldean jartzen da; zaharrentzat, marimutilentzat eta potorlehorrentzat idazten du. Denok gaude okerturik eta alde okertuan, arrazoi batengatik edo besterentik, eredu hori betetzerik ez dagoelako. Barruan duena esaten du, besteen begiraden menpe egon gabe, entzun nahi duenarentzat.

Gizonentzako ere badu mezurik?

Bai, gizonek ere beste eredu bat dutelako, eta, azken finean, denok kaka berean gaudelako: burusoilentzat, erakargarri izateko pobreegi direnentzat, zakila handi samarra ez daukatenentzat... Baina, batez ere, emakumeei zuzentzen zaie. Muturreko pertsonaia da, baina gizatasun osoa du.

Ordu erdi eskasarekin ez da labur egiten?

Tamainan dago, nire ustez. Abesti bat eta beste gauzak sartu dizkiot hasieran eta amaieran. Pentsatu nuen luzatzea, ordubeteko ikuskizuna bihurtzeko, baina nahiago izan dut horrela uztea, testua kohete bat delako.

No comments:

Post a Comment