Thursday 25 March 2010

«Iruña-Veleiak adituen eztabaida eskatzen zuen, ez epaitegietara eramatea»

Luis Silgo Gauche, arkeologoa.
 
 
 
Iruñea-Veleiako euskarazko idazkunak benetakoak direla defendatuko dute Luis Silgok eta Hector Iglesiasek Gasteizen. Grafitoen hizkuntza ezaugarriak aztertuko dituzte.

Luis Silgo Gauche (Madril, 1960) arkeologian doktorea da. Espezialistatzat dute hizkuntza iberoen hizkuntzaren idazkunetan. Iruña-Veleiako euskarazko idazkunak benetakoak direla uste du. Hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Villa Suso jauregian, Gasteizen. Haren aurretik, Hector Iglesias mintzatuko da. Idazkunen ezaugarri linguistikoen inguruan mintzatuko dira biak.

Idazkunak faltsuak zirela pentsatzeko lehen susmoak hizkuntzalaritzatik etorri ziren, eta, halere, gero gutxi hitz egin da horretaz. Zer ekarpen egingo duzue zuek gaur?

Arkeologiarekin hasiko gara, oinarrizkoa delako esan ahal izateko idazkunak benetakoak direla. Ongi dataturik eta aldatu gabeko testuinguru batetik atera badira, benetakotasunak indarra irabazten du. EHUko arkeologia sailak eginiko txostena aztertuko dut, hainbat hutsegite dituela erakusteko: ez zuten indusketa gunea aztertu, ezta hondakindegiak ere. Ez dute piezen patina aztertu, eta sekretupean ditu epaitegiak, nahiz eta erabakigarria izan benetakoak edo faltsuak diren erabakitzeko. Argazkietan ikusi egiten dira patinok.

Adituen eztabaida lasai eta sakonerako gaia izan beharrean, sekulako katramila sortu da. Normala al da hori gertatzea?

Altamirako kobazuloarekin gauza bera gertatu zen. Urte luzez faltsutzat jo zituzten. Antzekoa gertatu da beste hainbat aurkikuntza iraultzailerekin. Normala ez dena zera da, afera epaitegietara eraman izana.

Epaiketak ez du lagunduko argitzen?

Askatasuna egon behar zuen aditu mota askok piezak aztertu eta iritzia emateko lasaitasunez. Horrez gain, indusketa lanek jarraitu beharko zuten beste aurkikuntzek orain arte topatutakoak balioztatzeko. Auzitegietara eramatea gaia konpontzeko modu txarra da, baina horretara heldu garela ikusita, espero dezagun argitzen laguntzea.

Ez al da errazena pentsatzea gizakien ospe eta diru nahiak hautsi duela anfora?

Arkeologoek lanak jarraitzeko interesa zutela esatea ez zait azalpen duina iruditzen. Ikuspegi gizatiar eta moraletik, ezin dituzu profesional eta gizaki batzuk horrela tratatu. Arkeologiaren historiak baditu miseriak, baina ad hominem eginiko salaketak baztertu beharko lirateke.

Erraza da ere pentsatzea botere handiko adituek ez zutela euren teoriak hankaz gora ikusi nahi izan?

Aurkikuntza ikusgarria zen, eta ikusgarritasun horrek berak susmagarri egin zituen. Joakin Gorrotxategik eta Joseba Lakarrak zalantza izan zuten, arrazoi osoz. Zalantza hori aurkikuntzak ukatuz konpondu zuten, fede onez. Ukazio horrek beste iritziak ekarri zituen. Lakarraren txostenetan gaizki irakurritako idazkun batez aritzen da: jan ta edan denok irakurri zuen, denoz irakurri beharrean. Denok forma modernoa denez, idazkuna faltsutzat hartu zuen.

Zuk euskararen eta iberoaren arteko lotura aztertu duzu. Teoria eusko-iberistak nahiko baztertuta dago azken boladan. Ez dizu beldurrik ematen norbaitek pentsatzeak idazkunak benetakotzat dituzula teoria hori berpizteko?

Harrigarria bada ere, Iruñea-Veleiako aurkikuntzek euskara eta iberoen hizkuntza urrundu egiten ditu. Loturak egon arren, euskara ez da iberoaren ahaidea.

No comments:

Post a Comment