Friday 9 April 2010

«Ez badut kalean margotzen, ez naiz eroso sentitzen, eta ez dut uzteko asmorik»

Xabier Anunzibai, artista.



Beasaingo paretetatik begiratzen dizuten grafiti errealista asko 'Xtrem' izenarekin sinatzen ditu margolariak. Estudioan egur gainean eginiko lanak ikusgai jarri ditu Ordizian, besteak beste.

Dizebirekin batera, grafitigintzaren mundua irauli du Xabier Anunzibai XTRM-ek azken hamar urteotan (Beasain, Gipuzkoa, 1985). Ohiko sinaduratik harago, oinezkoak eta gidariak harritzen ditu, argazkiak diruditen margo errealisten bitartez. Aupa hi! Banetorrek erakusketa zabalduko du gaur, 19:00etan, Ordiziako (Gipuzkoa) Barrena kultur etxean. Kalean barik estudioan eginiko azken lanak ikusgai izango dira, apirilaren 30era arte.

Londresko Banksy grafitigilea gaizkilea izatetik galerietan erakustera pasa da. eta film bat estreinatu du berriki. Zuretzat zer-nolako garrantzia du zure lana erakusketa aretoetan ikusteak?

Ni jakin-minez hasi nintzen kalean margotzen. Gauzak probatzen joan nintzen, eta zer edo zer berria egitearren koadroak ere margotzen hasi nintzen. Gauza batek bestera eramaten zaitu. Koadroak eskulturak, instalazioak eta askoz gauza gehiago egiten ditut orain. Erakusketa hau da aurtengo bakarkako lehena, eta pozik nago. Bidaiazalea naiz, eta gustuko dut kanpoan erakustea, baina hemen izatea ere ondo dago, gertukoei erakusteko azken bi urteotako lana.

Eboluzio normal gisa har genezakeen grafitilaria oihal gainean margotzen hastea, baina zuk zergatik aukeratu duzu egurra bi dimentsioko sasieskulturak egiteko?

Kalean margotzen duzunean, pareta hor dago, eta zure lana euskarrira moldatzen duzu. Egurrarekin, berriz, alderantziz gertatzen da: euskarria nire gustura moldatzen dut, gero lanak nik nahi dudan forma izan dezan. Hortik etorri zen egurrarekin lana egiteko ideia hau, euskarria pertsonalizatu nahitik.

Laukizuzenetik ihes egin nahi izan duzu?

Margoaren itxura dinamizatu egiten du egurrak. Baina oihalaren gainean ere margotzen jarraitzen dut, eta aurten dezente ari naiz ohialean. Beraz, laukizuzenera itzuli naizela esan dezaket. Boladak dira, ideia berrien araberakoak. Horri esker, lan egiteko molde zabala daukat. Erakusketa honetan lan egiteko moduak eta jorraturiko estiloak erakutsi nahi ditut.

Grafitiak margotzea arkitekturaren aurkako gerrilla borroka da. Horregatik aukeratu zenuen Arkitektura ikastea Arte Ederrak barik?

Arkitektura Teknikoa ikasi nuen, eta ez naiz inoiz Arte Ederrekin sartu. Gustuko dut aldamenean izatea margotzen edo eskultura egiten duen jendea. Harreman horrekin ikasten dut nik margoaz nahi dudan guztia. Apropos aukeratu nuen pinturarekin zerikusirik duen ezer ez ikastea. Arkitektura lanei azken geruza ematen diegu grafitilariok.

Pinotxoren sudur luzearekin irudikatu duzu zeure burua erakusketako erretratuetan. Hura ere margoturiko egurra zen.

Bolada bat pasa nuen txotxongiloak marrazten. Kono formako txapelak eta sudur puntadunak egin nituen. Garai horretatik osagai horiek geratu zaizkit.

Ez duzu kalea faltan sumatuko?

Ez diot inoiz kalean margotzeari utzi. Hasten zarenean gero beti geratzen zaizu beharra barruan. Egiten ez badut, ez naiz eroso sentitzen. Ez dut inongo asmorik uzteko.

Aupa hi! Banetorrek izenburua jarri diozu erakusketari. Zergatik?

Orain nire unea dela esan nahi nuen, nire txanda dela eta banatorrela nire gauzekin.

No comments:

Post a Comment