Tuesday 16 March 2010

«Konkistaren logikan sartzen da Patxi Lopezen gobernuaren estrategia»

Floren Aoiz, idazlea.
 
 
 
'Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena' hitzaldia emango du politikari nafarrak gaur, Antzuolan, herriak Belateko batailako hamabi kanoien irudia armarritik kentzeko abiaturiko prozesuaren harira.

Floren Aoiz (Tafalla, Nafarroa, 1966) politikaria, idazlea eta iruzkingile politikoa da. Euskal Herriaren historiaren inguruan La vieja herida. De la conquista española al Amejoramiento Foral eta

El jarrón roto liburuak argitaratu ditu. Nafarroako konkistaren 500. urteurrena hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Antzuolako Torresoroan (Gipuzkoa).

Antzuolako armarrian agertzen diren kanoiaz arituko zara. Zer esaten dute gure historiaz?

Oroimen historikoaren falta dugula salatzen dute. Pairatzen dugun menpekotasun egoera justifikatzeko idatzi diren kontaketekiko konplizitate handia erakusten du Gipuzkoako armarriko Belateko kanoiak, edo Tolosakoak Beotibarko batailarekin. Euren burua abertzaletzat daukan jendearen aldetik ere ezagutza falta izugarria erakusten du, eta beste batzuek zabalduriko mitoak nola irentsi ditugun. Irun eta Hondarribiko alardeekin gauza bera gertatzen da. Nafarroako estatua desegiteko prozesuan, Nafarroak lortu zuen euskaldun batzuk beste euskaldun batzuen kontra jartzea. Abertzale batek ezin du ospatu Beotibarko bataila, esaterako, eta, halere, batzuek egiten dute.

Gipuzkoako Diputazioak kendu egin zituen kanoiak armarritik.

Antzuolakoek hor jarraitzen dute, beste toki batzuetakoek bezala. Noski, hau ez da gaurko gai nagusia Euskal Herrian, baina garrantzitsua da jakitea zertan esan diguten gezurra, bestelako etorkizuna eraikitzeko oinarrizkoa delako. Euskal Herria bere buruaren jabe izan nahi du gaur, eta ezinbestekoa du jakitea burujabetza hori nola kendu ziguten, eta hori nola estali duten.

Zilegitasuna lortzeko, historia behartzea leporatzen dizuete batzuek.

Ikuspegi demokratiko batetik ikusita, estatua sortzeko zilegitasuna herritarren borondateak ematen du, lehen izan baduzu edo ez. Horrez gain, guk estatua eduki genuen, eta indarrez kendu ziguten.

1936ko gerra eta ostekoak gogora ekartzea ere zaila zaigu, eta ez al da ia ezinezkoa duela 500 urte gertatutakoaz kontzientzia piztea?

Ez da erraza. Ahalegin handia egin da azken urteotan 1936ko altxamendu faxista eta gerokoak oroimenera ekartzeko, baina hor geratu gara. 1512ko konkistak sekulako garrantzia du gure historian, Estatuaren esperientzia amaitu zelako beste batzuen esku-sartze armatuarengatik. Horren ondorioak antzematen dira, 500 urte pasa arren. Ezinbestekoa da hori ezagutzea, gaurko gauza asko ulertzen laguntzen duelako.

Esaterako, zergatik bota zintuzten Radio Euskadiko tertulietatik?

EITBn garbiketa ideologikoa eta politikoa egin dute, inkisizioaren espirituan. Konkistaren logikan sartzen dira Patxi Lopezen gobernuaren estrategia eta Ajuria Enera iristeko modua. Etengabe dabiltza konkistan, inoiz ez gaituztelako erabat konkistatu.

Antzuolako kanoiak horren guztiaren metafora dira zuretzat?

Neurri batean, bai. Frantziako eta Espainiako nazionalistek euskaldun batzuen konplizitatea izan zuten. 1512ko konkistaren kasuan, konplize horiek ezkutatu zuten konkista, eta haiek sortu eta zabaldu zuten itunaren mitoa. Jakinaren gainean edo ezjakintasunez, konplizeen iruditerian sartzen dira kanoiak.

No comments:

Post a Comment