Friday 12 March 2010

«Depeche Moderekin jotzen eroso ginen, baina ez genuen etxean zain egoteko asmorik»


Aitor San Sebastian, musikaria.

Natural Project Andoaingo taldeak bigarren diskoa plazaratu du: 'Discontinuidad', zuzenean jotzeko pentsaturiko dantzarako pop elektrikoa. Gaur aurkeztuko dute, Donostiako Doka aretoan.

Aitor San Sebastian (Andoain, Gipuzkoa, 1975) Natural Project taldeko bateria jotzailea da. Depeche Mode, Him eta Julieta Venegas musikariekin partekatu du taldeak agertokia. Discontinuidad diskoa argitaratu berri dute. Gaur aurkeztuko dute lana, Donostian, 20:00etan, Dokan. Krell taldea izango dute lagun.

Discontinuidad jarri diozue diskoari. Iraganarekin hautsi nahia?

Décimas aurreko diskoa atera eta berehala sumatu genuen etapa hura amaitzeko beharra eta aro berria hastekoa. Get In ekoiztetxearekin atera genuen hura, eta haiekiko harremana bukatu genuen. Gauzak berriz pentsatzeko garaia heldu zen, gauzak beste era batera egiten hastekoa. Bost ginen; orain, lau, eta bi berriak dira. Haize freskoa nahi genuen.

Get Inekin areto handietan jo zenuten; besteak beste, Depeche Moderekin. Ezeroso sentitu zineten?

Guk nazioarteko diskoetxe handi batekin kontratua sinatzeko ahaleginak egin zituzten Get Inekoek. Hori gertatu ez zenez, haiek diskoetxea sortu eta Décimas diskoa grabatu genuen. Ez zuen zentzurik gauza berdina egitea berriz. Guk ere askatasuna nahi genuen.

Porrot gisa hartu zenuten diskoetxe handiekin sinatzea lortu ez izana?

Egia esan, hasieratik harritu egin gintuen Get Inek gurekin zuen interesa, eta eskertu egiten diogu. Izan ere, gure musikarekin inoren eremuan gaudela uste izan dugu. Halako mailan mugitzea guri ez zegokigun tokian egotea zela sentitzen genuen. Eroso baginen egon agertoki handietan, baina horiek noizean behineko kontuak dira. Horrekin batera beste eremu batzuk ere jorratu nahi genituen, tabernetan eta herriko plazetan. Zuzenean jotzeak betetzen gaitu. Get Inekin, «maila horretan zaudete edo etxean zaudete» zen kontua. Ez dugu etxean zain egoteko asmorik.

Estiloari ere eragin dio aldaketak: Discontinuidad ez da aurrekoa bezain iluna.

Erritmo biziagoak nahi genituen, diskoa kontzertuei begira egin genuelako. Funky eta dantza erritmoak sartu ditugu. Gainera, argi genuen soinuaren kalitatean ez genuela atzera egingo. Aldaketa egotekotan, hoberako izango zen. Estanis Elorza abeslariak masterrak egiten ditu bere estudioan. Horretaz baliatu ginen, alokaturiko estudio baten orduari begira egoteko beharrik gabe. Horrela lortu dugu kalitatea.

Ingelesez hasi zineten, gero gazteleraz. Azken honetan euskarazko kanta bat dago (Ispiluan), eta harritu egiten du, erdarazkoetan baino txertatuagoa sumatzen delako ahotsa musikan.

Askok esan digute hori. Gustatu zaigu emaitza. Gu ere harritu egin gara, agian ez gaudelako ohituta halako ahots estiloa euskaraz entzuteko. Gazteleraz Get Inekoek eskatu zigutelako hasi ginen, merkatuari begira. Ispiluan Gorka Merchanten La casa de mi padre filmerako egin genuen. Nola geratu zen ikusi genuenean, diskoan sartzea erabaki genuen. Ez dizut esango orain dena euskaraz egingo dugunik, baina ez dut baztertzen gehiago egitea.

Bideo bat grabatu asmo duzue, eta jendea eskatzen ari zarete. Noizko?

Discontinuidad kantaren bideorako, manifestazio dantzatu bat egin nahi dugu Donostian apirilaren 11n, eta 100-200 bat estra behar ditugu. Baimenak eskatzen ari gara. Bestela, ehun pertsona oihuka elkartuz gero, pentsa ezazu zer gerta daitekeen.

No comments:

Post a Comment