Thursday 29 April 2010

«Amazoniako oihanean grabatzea soinu-meditazio esperientzia osoa izan zen»

Annie Mahtani, musikaria.



Europako musika elektroakustikoko puntako bi sortzailek euren lana azaldu eta kontzertua emango dute elkarrekin, gaur Artelekun, Donostian: Annie Mahtani ingelesak eta Els Viaene belgikarrak.

Annie Mahtani (Coventry, Ingalaterra, 1981) soinu artista eta konposatzailea da. Birminghamgo unibertsitatean ikasitakoa, irakasle lanetan dabil han gaur. Els Viaene musikari belgikarrarekin batera kontzertua emango du gaur, 19:00etan, Artelekun (Donostia). Europako soinu artistarik puntakoenetako bi lehen aldiz batera ikusteko aukera, doan.

Naturan edo kalean grabatzen dituzun soinuak erabiltzen dituzu zure lanetan. Zergatik zaizkizu musika tresnak baino interesgarriagoak?

Errealitatetik ateratako soinuak erabiltzen dituzunean, ez zaude mugaturik musika tresnek eman ditzaketen soinuetara. Horrez gain, ez zaude jotzailearen menpean. Soinu mundu berri bat irekitzen didate, horregatik interesatzen zaizkit gehiago.

Belarriak irekitzera behartzen zaituzte?

Soinu hauekin lan egiteak entzuten irakatsi dit. Musika idazteko ohiko notazioaren mugetatik kanpo lan egiteak belarriak ireki dizkit soinu guztiei. Aldatu egin dit gauzak entzuteko era, nire bizitzako arlo guztietan.



Mikrofono bat eskuan eta entzungailuak belarrietan irudikatu behar zaitugu. Nola da sorkuntza zuretzat, zure lan prozesua?

Lehenbizi soinuak grabatzea da, ideia argi izan ala ez. Pieza berri bakoitzeko soinuak grabatzen ditut; ez naiz trebea dagoeneko grabaturik ditudanak birziklatzen. Beraz, beti hutsetik abiatzen naiz. Soinuak gero estudioan tratatzen ditut. Denbora luzea hartzen du horrek. Lan asko eskatzen dute, nahasten hasi aurretik.

Zer motatako soinuk pizten dute zure arreta?

Aldatu egiten da beti. Uneak daude, baina printzipioz soinua egiten duen objektu guztiak dira berez interesgarriak. Orain naturako soinuekin egiten dut lan. batzuetan tonua interesatzen zait, besteetan testura. Askotan ibiltzen naiz mikrofonoa izango banu bezala entzuten, gailurik ez badut ere.

Iaz Amazoniako oihanean izan zinen. Harritu egin zintuen zein zaratatsua den?

Espero nuen, aurretik irakurri egin nuelako horren inguruan. Harritu ez, baina soinuak txunditu egin ninduen. Ehunka zomorro daude inguruan, sekulako soinu paisaia etengabea, beti eboluzionatzen. Bi aste pasatu nituen entzuten eta grabatzen murgilduta, soinu-meditazio esperientzia osoa izan zen. Gero, Sao Pauloko hotel batean nengoela, soinu bat entzun nuen eta zomorroa ia identifikaturik nuela konturatu nintzen argindar sorgailu bat zela.

Oihanetik gerrara pasatu zara. Joan zen ostiralean Five soldiers koreografia estreinatu zuten, zure musikarekin. Nondik atera zenituen soinuak?

Ez nuen soinu militarrik erabili nahi izan lanerako, merkea eta gustu txarrekoa izango litzatekeelako. Musika klasikoaren piezak erabili nituen, Pergolesiren Stabbat Mater batez ere, eta dantzarien hotsak.

Zer entzungo dugu Artelekun?

Lehen aldiz, zuzenean inprobisatuko dut. Els Viaenek eta biok elkarrekin jo nahi genuen. Nire lan askoren laginak erabiliko ditut, egiten dudanaren erakusgarri izango da.

Soinuak grabatuko dituzu Euskal Herrian?

Lehen aldiz izango naiz Euskal Herrian, eta grabazioak egingo ditut, ohi legez. Niretzat argazkiak ateratzea bezala da.

No comments:

Post a Comment