Wednesday 28 April 2010

«Nola liteke gure jangela publikoetako haurrek hemengo arraina ez jatea?»

Leo Belaustegi, arrantzale ohia.

'Euskal Herriko arrantza, iragana-etorkizuna' hitzaldia egingo du Mutrikuko arrantzale ohiak gaur, Donostian. Etorkizun beltza iragarriko dio arrantzari, baina konponbideak proposatuko ditu.

Leo Belaustegi (Mutriku, Gipuzkoa, 1950) urte luzetan aritu zen baxurako arrantzan. Azkeneko urteetan, LAB sindikatuko arrantzarako arduradun ibili da. Euskal Herriko arrantza, iragana-etorkizuna hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Koldo Mitxelena Kulturunean (Donostia).

Euskal Herriko arrantza, zer hintzen eta non hago. Arrantzaren bilakaera aztertuta, zer ikas dezakegu?

Euskal Herrian beti izan dugu arrantza, eta beti pentsatu izan dugu itsasoak emandakoa ez zela sekula bukatuko. 1936ko gerraren eta II. Mundu Gerraren ondoren, ikaragarri handitu zen arrantza. 1965etik 1975era itsasontzi pila bat egin ziren, eta Europako herririk indartsuena izan ginen. Gizartean eskaera handia zegoen garai horretan, eta, bestalde, arrain asko harrapatzen zen. Madrilek produkzioa indartu nahi izan zuen, eta hor sortu zen eztanda. Europan sartu ginenean itsasontziak murriztu zituzten, eta arrantza lekuak mugatu. Gero eta murrizketa eta kontrol gehiago jarri zituzten, arrainak gutxiagotzen ari zirela ikusita. Espezie gehienak gehiegi harrapatzen ditugu gaur, eta etorkizun nahiko beltza dugu.

Bizkai eta Gipuzkoako kaien bilakaera eta Lapurdikoena antzekoak dira?

Bai, arazo bera izan da. Diru laguntzak-eta ezberdinak izan dira, baina gainbehera antzekoa izan da, eta litekeena da Lapurdiko kaiak okerrago egotea. Arrainik ez dago, eta ontziak murriztu egin dira nabarmen urteotan, errentagarri ez direlako. Horrek ekarri du gazteek arrantzan ari nahi ez izatea, eta belaunaldi berririk ez egotea. Egoera honelakoa da: kudeaketa txarrarengatik espezie gehienak ahiturik daude, eta harrapatzen den apurra behar bezala saldu ezinik gabiltza, atzerritik ekarritakoarekin ezin garelako lehiatu.

Norena da kudeaketa txarraren erantzukizuna?

Azken 30 urteotan, EAJk izan du arrantzaren ardura. Kaian gabiltzanok ikusi dugu EAJk inoiz ez duela izan arrantza politikarik. Halere, zer edo zer egiten zuten, nahiz eta txarto izan. PSOE are okerrago dabil. Gainera, Euskal Herriari dagozkion baimen eta lizentziak Galiziara bideratzen ari dira, han jarri nahi dutelako arrantzaren ardatza.

Zer politika ezar daiteke arrainik ez badago?

Euskal Herriak arrantzatik ere bizi behar du etorkizunean. Ezin dugu egun batetik bestera ahaztu mendeetan izan dugun jarduera eta kultura. Arrantza zientifikoa egin behar dugu etorkizunean. Teknikariek esan beharko dute zenbat harrapa daitekeen, ziurtatzeko gero ere egongo dela. Harrapaketa mugatu behar dugu, eta geuk merkaturatu. Orain arte beste batzuk aberastu dira geuk harrapatutakoarekin.

Berdela da konponbidea?

Hemengo eskola publikoetako jangeletako milaka haurrek ez dute hemengo berdela jaten, nola da posible? Ez dugu kontsumitzen ez digutelako ematen zerra eginda eta prestaturik. Horregatik jaten dute haurrek Vietnamgo panga arraina. Berdel piloa dugu sasoian, baina ez da hemen jaten. Danimarkarekin batera Europako arrain jalerik handienak gara, baina dagoeneko prestatuta dagoena jaten ohitu gara. Ez dute interesik izan arraina prozesatzeko industria jartzeko, arrantza politikarik ez delako izan. Gehituriko balio horretan dago etorkizuna.

No comments:

Post a Comment