Sunday 11 April 2010

«Bizitzak alde ilun eta triste bat baduela erakutsi behar diegu haurrei ipuinetan»


Txabi Arnal, idazlea eta pedagogoa.
 

'Tabuak haur literaturan' tailerra emango du idazle eta irakasle ermuarrak, bihar, Eibarren. Literatura «gatzgabetzen» ari dela azalduko du, eta liburu onak eta txarrak bereizten irakatsiko du.
Tabuak haur literaturan tailerra emango du Txabi Arnalek (Ermua, Bizkaia, 1967), bihar, 17:30ean, Juan San Martin liburutegian, Eibarren (Gipuzkoa). Batez ere gurasoentzat dago antolatuta ekitaldia, eta haurtzaindegi zerbitzua izango da.

Zuzenkeria politikoak kalte egin dio haurrentzako literaturari?

Ez bakarrik haurrentzako literaturari, edozein arte motari egiten dio kalte, obrari askatasuna lapurtzen diolako. Helduok sortzen ditugu tabuak, umeari erantzuten ez dakigunean. Haurrak heriotzaz, homosexualitateaz, arrazakeriaz edo halako gaiaz galdetzen duenean, ez dugu jakiten zer esan, eta, orduan, erantzun beharrean ezkutatu egiten dugu gaia.

Haur literaturaren egileak ez al zarete erortzen tabu horietan?

Batzuetan egilea ez da ausartzen, eta batzuetan argitaletxeak ez du nahi izaten. Argitaletxe txikien eskutik etortzen dira apustu ausartak egunotan.

Autozentsura praktikatzen duzue?

Gaietan agian ez, baina gaia jorratzeko moduan bai. Pentsatzen dugu haurrei gauzak era samur batean -eta askotan ñoño batean- kontatu behar dizkiogula.

Azken boladan, Txanogorritxo otsoarekin adiskidetzen da ipuinetan. Nori egiten dio kalte horrek?

Haurrak pertsonak dira, eta denetaz jakin nahi dute. Bizitza ez da bakarrik atsegina, badu alde ilun eta triste bat, eta ez dago ezkutatu behar. Tailerrean saiatuko naiz azaltzen gurasoei zer dagoen merkatuan eta zein den liburu ona eta zein txarra, zeinek duen balio literario eta estetikoa eta zeinek ez.

Liburu txar bat, adibidez?

Izenburuak berak esaten dizu liburua txarra izango dela. Aitorrek bi ama ditu liburuaren titulua ikusita, esaterako, badakit panfleto hutsa izango dela. Helburu didaktiko, pedagogikoa eta politikoki zuzena oso agerian uzten du tituluak. Mezua ondo dago, eta balio on bat transmititzen du, baina nik horri ez diot lehentasuna ematen; halakoek ez dute inongo balio literariorik. Haur literaturak nortasun propioa du, eta guk askotan pedagogiarekin nahasten dugu. Kalitate literariotik hasi behar dugu, eta, gero, mezua ona bada, primeran.

Klasikoetara itzuli behar da haurrei gosea, pedofilia eta kanibalismoa erakusteko?

Begiratu Hansel eta Gretel. Gurasoek basoan abandonatzen dituzte, janik ez dutelako. Klasikoetan jorratzen dira gai horiek, baina gure gizarteak bakarrik arrakastari ematen dio arreta. Mundu honek kolore asko ditu, eta umeari aukera eman behar diogu kolore guztiak ezagutzeko, besteak beste beltza.

No comments:

Post a Comment