Wednesday 21 April 2010

«Disko konpainietako buruei begietara begiratu, eta haiekin hondoratuko naiz»


Chuck Prophet, musikaria.
 
 

Kaliforniako kantugilea taldearekin arituko da gaur, doan, Gasteizen, 11 aleko diskografiako kanta aukeratuak eskaintzen. «Inoiz ikusi duzun rock kontzerturik hoberena izango da», dio musikariak.

Chuck Prophet (Kalifornia, AEB, 1963) musikari, kantugile, gitarra jotzaile eta ekoizlea da. Green on Red taldearekin hasi zen musikaren munduan, psikodelia, countrya, rocka eta folka nahasten. Taldea 1992. urtean desegin zen. Geroztik bakarka aritu da. Dagoeneko 11 disko argitaratu ditu bere izenarekin. Azkena Let freedom Ring! da, eta oso kritika onak jaso ditu. Gaur Gasteizen joko du, 19:00etan, EHUko campusean, doan.

Nondik datorkizu kanten bidez istorioak kontatzeko gogo hori?

Ez dut nahi jendeak denbora galtzea nire erruarengatik. Musika era dramatikoan garatzea gustuko dut. Niretzat, musika jotzea eta istorioak kontatzea gauza bera da. Halere, hori batzuetan egiten dut; bestetan kontua ez da istorioa, baizik eta pertsonaiak eta esan dezaketena.

Nondik ateratzen dira kantetan jartzen dituzun pertsonaiak?

Ez dakit, haiek aurkitzen naute. Ezagutzen dudan jendea da.

Liburu bat idatzi zenuen behin, musikariek biretan eta handik honako bidaietan duten bizimoduaz. Zergatik ezin dugu irakurri?

Nire ideia zera zen: liburu bat idaztea etengabe mugitzen ari zarenean bizitza nolakoa den kontatzeko. Hau da, jendeari erakustea zer den kamioi batean lo egitea Converse tenis oinetakoak burkotzat hartuta edo bost izarreko hotel batean lo egitea burko eder batekin bonboiak eta guzti gainean. Bi horiek bizitza bat eta bera direla erakutsi nahi nion jendeari.

Gogoko duzu mugitzen den harri hori izatea?

Bai, izugarri gustuko dut biran ibiltzea. Jendea oso jatorra da zurekin.

Zuzenean jotzea eta biran ibiltzea gogoko duten azken hiruzpalau musikarietako bat zarela esan zenuen behin.

Bizimodu horretaz kexatzen ez diren azkenetakoa naizela uste dut.

Beraz, zuk arazo gutxi izango duzu diskoaren industriaren krisiarekin.

Ez dut industriaren edo haren arazoen eleduna izan nahi. Horren inguruan iritzia duen jende asko bada bazterrotan. Jendeak musika bilatuko du, eta niri bost axola kasetean, CDan, MP3an edo nola aurkituko duen. Neu musikaren industrian nagoen ere ez dakit. Ez dakit zer gertatuko den, ez naiz pertsona egokia hori esateko, ez dut kristalezko bolarik.

Horretan ez zara profeta?

Ez [barrez]. Egia esan, bost axola zait industria. Konpainia horiek zuzentzen dituztenei begietara begiratuko diet, eta haiekin hondoratuko naiz.

Bilbon kontzertu akustikoa jo zenuen, eta Gasteizen taldearekin arituko zara. Zein da aldea?

Taldearekin askoz ozenagoa da [barre]. Bost musikariz osaturiko banda bat dut. Bakarrik jotzen ez nabil erabat eroso, baina horretan datza horren gatza eta piperra.

Azkenean ez duzu esan zergatik ez zenuen argitaratu liburua.

Argitaletxeak oso geldoak dira, eta dena prest zegoenerako, Internet oso azkar hazi zen eta amesten nuen guztia posible egin zen. Ideia baztertu nuen, garaia etorri bezala pasa egin zitzaiolako.

Let Freedom Ring da zure azken diskoa. Abesti politikoak politiko ez den jendearentzat azpititulua jarri zenion. Zergatik?

Kantak sortu nituen eta, egia esan, ez dakit politikoak diren, neu gehiago naizelako argazkilari bat politikaria baino; ikusten dudana erretratatu besterik ez dut egiten. Baina kanta guztiek gauza bat zuten: garai gogor eta beldurgarrietan bizi diren pertsonaiak. Beraz, pentsatu nuen etxean grabatuz gero errazegia izango zela niretzat. Orduan esan nuen: «Goazen leku gogor eta arriskutsu batera grabatzera». Mexiko Hirian estudio bat hartu nuen, teknologiarik modernoena zuena, hau da, modernoena 1957rako. Hiriaren energia sentitzen zen, talde berriak etengabe arrakaletatik irteten. Indar hori jaso nahi nuen diskoan, eta jaso egin genuen, alajaina.

Diskoa 2009an argitaratu zenuen. Beste bat grabatzen ari zara?

Ez. Agian, film bat egingo dut Mexiko hirira eginiko bidaiaz. Milaka ordu dauzkat grabatuta. Dokumentalaren trailerra dago Interneten. Horrek ideia emango dizu. Diskoa egiteko prozesua kontatuko dut. Niretzat, bizitza abentura da une oro.

No comments:

Post a Comment