Thursday 22 April 2010

«Windows konpontzea jendeari erretzen laguntzea bezala da»

Nestor Amigo, informatikaria.

Software librearen eta ekologiaren inguruko hitzaldia emango du informatikari bilbotarrak gaur, Zazpikaleetan. Linux erabiliz gero ordenagailuaren bizitza bost bat urtez luzatzen dela erakutsiko du.

Nestor Amigo (Bilbo, 1986) informatikaria da, eta Reciclanet taldeko eleduna. Software libre y ecologismo hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Ekoetxean (Pilota kalea, 5, Zazpikaleak). Larunbatean Udaberriko Azokan parte hartuko du, Yohn jauregian, software librea trukatzen.

Zerikusirik ba al du software libreak ekologiarekin?

Asko. Gaur munduan gehien kontsumitzen den artikuluetako bat elektronika da, eta zera gertatzen da: ordenagailu zaharren birziklatzea asko hobetu da, baina softwareen gaia oso utzita dugu. Ez gara konturatzen erabiltzen dugun softwarea alferrik galtzen ari dela ordenagailu horren baliabideak. Enpresak ados jarri dira software astunegia plazaratzeko, eta horri ozta-ozta eusten dion hardwarea saltzen dute. Gurpil zoro bat da.

Konspirazio bat dago ordenagailuen zaharkitze programatua eragiteko?

Ez da konspirazioa, hau publikoa da, haien marketin estrategia da. Jakina da Windowsek sistema eragile berria kaleratzen duenean, Intelek prozesagailu berria ateratzen duela. Windowsen azken bertsioa ez dabil prozesagailu zaharragoekin. Neure begiekin ikusi dut, Windows instalatzerakoan, sistema eragileak esaten zuela ordenagailua eskasa zela, eta hilabete batzuk baino ez zituen! Hori ez da gertatzen software librearekin, jendeak egiten duelako jendearentzat.

Microsoft eta lagunen estrategiak ez al du bultzatzen aurrerakuntza?

Inondik ere ez. Ez gara aurreratzen ari. Duela bost urte egiten genituen gauza berak egiten ditugu -Interneten ibili, txateatu...-, baina horretarako bost aldiz indartsuagoa den ordenagailua behar dugu.

Zertan egiten dio mesede Linux-Ubuntuk ordenagailuari?

Baliabide gutxi kontsumitzen ditu, beste sistema eragileekin egiten duzun guztia egin dezakezu harekin, eta, gainera, doanekoa da, Internetetik har dezakezu. Asko aurrez dezakezu hardwarean ere: ordenagailu hori zaharra zela uste zenuen, birusez beterik zegoelako, geldo zebilelako eta, gainera, Windowsek esaten zizulako kakazaharra zela, eta, hara non, Ubunturentzat sekulako makina da.

Gaur erosten badut ordenagailua noiz geratuko da zahar, Windows erabilita?

Nik dagoeneko ez dut Windows konpontzen, hori kalterako da, jendeari erretzen laguntzea bezala da. Baina, nire eskarmentuaren arabera, Windows bera hasten da huts egiten sei hilabetera eta berriz instalatu behar da, osorik, urtebetera. Ordenagailua zaharra geratuko zaizu Messenger eguneratu behar duzun bakoitzean. Bi urte, beraz.

Eta software librearekin?

Reciclaneten bost urteko ordenagailuak ditugu, Pentium III eta IV, eta jendea harritu egiten da, primeran dabiltzalako. Noski, mugak dituzte fitxategi handiak erabiltzerako orduan, baina gauza arrunterako soberako indarra dute. Etxean zazpi urte dituen ordenagailua dut, eta ez dut berriz instalatu beharrik izan. Izugarri erosoa da hori.

Zuen gerra oihua, beraz, «ez bota ordenagailua, ez erosi berria»?

Ez bota, gutxiago erosi, batez ere behar ez duzuna, eta erabili software librea. Energia eta lehengaiak aurreztuko dituzu, eta gainera atseginagoa da, gizakiek egiten dutelako, ez enpresa handiek.

No comments:

Post a Comment