Sunday 2 May 2010

«Beste sentikortasun bat ematen dizu bi belaunalditan hiru erbeste pairatu izanak»

Adolfo Tannenbaum Embeita, argazkilaria.
 
 
 
Jatorri judu-euskalduneko artistaren familiak ihes egin behar izan zuen Francorengandik, naziengandik eta Pinochetengandik. Munduan zehar eginiko argazkiak erakusgai jarri ditu Tolosan.

Adolfo Tannenbaum Embeita argazkilariak (Sabadell, Katalunia, 1976) Nire kameratik mundura erakusketa jarri du Aranburu jauregian (Tolosa, Gipuzkoa), ekainaren 12a arte.

Esan daiteke hiru belaunalditan zeuk bakarrik bidaiatu duzula zeure borondatez?

Hala da. Gu gara zorioneko belaunaldia. Amaren aldeko aiton-amonak Gernikatik Txilera joan ziren 1936ko gerraren amaieran, arrazoi politiko-ekonomikoengatik. Beste aitona judua zen, Alemanian. Bista ona izan zuten, zer edo zer gertatzen ari zela ikusteko, eta, gerra aurretik, Ameriketara joan ziren, Argentina eta Txilera. 1970eko hamarkadan Kataluniara joan zen berriz familia.

Zertan eragin dizu familiaren historiak eta jatorri aberastasunak?

Ikuspegi ezberdina ematen dizu. Txikitatik markatzen zaitu. Bi belaunalditan hiru erbeste pairatu izanak beste sentikortasun bat ematen dizu. Atlantikoa hemendik ikusi edo 15.000 kilometrotik begiratzea ez da gauza bera. Familia sakabanaturik dago, eta elkartzen garenean sekulako jaia izaten da. Mundua ikusteko beste modu bat ematen dizu, eta hori erakusten saiatzen naiz nire argazkiekin.

Tanzania, Txile, Kenya, New York... leku askotan izan da zure kamera. Zer ekarri duzu haietatik?

Batzuetan begirada bat, keinu bat. Besteetan, argazkia ikusi eta han zegoen usaina gogoratzen dut. Ia 50 herrialdetan ibili naiz, eta, argazkien bidez, bizitako gauza horiek partekatzeko aukera dut, zorionez. Saiatzen naiz nagoen lekuan murgiltzen, hango errealitatean. Beti biltzen dut lekuetako informazioa, baina bilatzen dut lekuarekin loturiko musika eta literatura ere.

Lekuren bat nabarmentzeko?

Boliviako Yuniko gatzaga ikaragarria da. Atacamako basamortuak liluratzen nau. Berlinen, holokaustoaren monumentua. Maroko ikusgarria da.

Lehen aldiz, Euskal Herrian ari zara argazkiak erakusten. Zirkulua osatzeko modu bat da zuretzat?

Euskal Herria beti egin zait deigarri, eta lotura estua dut. Arteari dagokionez, oso indartsua da. Kultur mugimendu oso sendoa sumatzen da hemen. Horrez gain, nire ama oso pozik dago.

No comments:

Post a Comment