Tuesday 4 May 2010

«Euskaldunok Amaiur nola bizi dugun ere interesgarria zaigu, historia bihurtu baita»


Juantxo Agirre Mauleon, arkeologoa.
 
Mauleon, azalpenak ematen, Amaiurren.
 
 
'Amaiurko gaztelua: indusketa arkeologikoa eta oroimen historikoaren berreskuratzea' hitzaldia emango du gaur, Donostian, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak.

Amaiurren lau indusketa kanpaina zuzendu ditu dagoeneko Juantxo Agirre Mauleonek (Tolosa, 1965). Mikel Legorbururekin batera, 1522an Gaztelaren inbasioari aurre egin zion azken gotorlekuan eginiko lanaz mintzatuko da gaur, 19:30ean, Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian.

Amaiurren egin duzuen azken aurkikuntza ez da oso zaharra: Francoren armadak eginiko bunkerra.

Aranzadin lan egiteak irakatsi dit historiari zabaltasun osoan begiratzen, Paleolitotik gure gurasoen garaira arte. Francoren gobernuak Centro de resistencia de Amaiur gunean erikitako bunkerra da Amaiurren egin den azken gotorlekua.

Nahiko ironikoa da izena.

Bai horixe. Aliatuek irabazi zuten II. Mundu Gerra, eta geratzen zen erregimen faxista bakarra Francorena zen. Pirinio osoan bunkerrak eraiki zituzten. Amaiurren inguruan, lau kilometro koadro, eraiki zuten, baita gazteluaren barruan ere. Historiak ez du mugarik. Arkeologiak metodologia modura garai guztietako aztarnak aztertzeko gaitasuna du, eta horretan ari gara.

Amaiur euskaldunon kontzientzia kolektiboan nola txertatu den ere aztertuko duzue?

Interesgarria da ikustea euskaldunok Amaiurren inguruko gertaerak nola bizi ditugun mendeetan zehar. Zer ikuspegia zuten XIX. mendeko Nafarroako kronistek? Zergatik eraiki zuten 1922an marmol zuriz eraikitako monolitoa? Bazegoen kezka bat orduan ere, belaunaldi bakoitzean dagoena, batzutan kulturala, bestetan politikoa. Agirre lehendakariak Asturiasen frankistei aurre egitera bidalitako Amaiur batailoia hor dago. Han aurkitu zuen Aranzadik Kandido Saseta komandantearen gorpua. Lauaxetak ere Amaiurko gaztelu baltza-ri egin zion olerkia. Lurrazpian topatzen ditugun aztarnez gain, hori ere interesatzen zaigu, historia bihurtu baita.

Zama sinbolikoak ez du zientzia lana zailtzen?

1936ko gerraren ikerketekin asko ikasi dugu, eta dagoeneko ez gara horren beldur. Datuak gizarte osoaren esku jartzen ditugu. Obeliskoaren inguruko goiko plataforma amaitu dugu, eta zaharberritzea bukatzear dago. Aurtengo udan beheko plataformaren indusketa hasiko dugu, eta erakusketa bat antolatuko dugu Amaiurren bertan. Espero dugu ezagutza horrek dinamika berriak sortzea. Joseba Sarrionandiak esaten zuen oroimenak ez duela ezertako balio geroan zerbait eraikitzeko ez bada.

No comments:

Post a Comment