Wednesday 19 May 2010

«Ez dago errezetarik estresaren kontra, gizaki gisa hazteaz harago»


Carlos Perez, yoga irakaslea.

Gizarte garatuetan endemikoa bezain topikoa bihurtu da estresa, eta ondorio larriak izan ditzake. Bilbotarrak 30 urteko esperientzia du gaitzari aurre egiten, eta horretaz arituko da Bizkaiko hiriburuan.
.
Carlos Perezek (Bilbo, 1955) 30 urte baino gehiago eman ditu yoga irakasten. Gestión del estres hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Boluntan (Zabalbide kalea, Bilbo), Sumendi elkarteak gonbidatuta.

Estresa kudea daiteke?

Sumendik norberak bere osasuna kudeatzea bultzatzen du, eta horregatik jarri diote izenburu hori hitzaldiari. Niri ez zait asko gustatzen hitza, enpresa eta merkataritzari lotuta dagoelako: ditugun baliabideak eta denbora kudea ditzakegu, baina nik norbera hazteaz hitz egin nahi dut, hau da, baliabideak handitzeaz, estresari aurre egiteko.

Topikoa bihurtu da hitza. Ez al zaio gertatuko beste ustezko gaitz batzuei bezala, bolada batean sekulako izurritea egon ondoren asmaturiko gaitza dela ondorioztatzea?

Kaleko hizkerako hitza bihurtu da estresa, eta kontzeptua lausotuta dago. Kanpoko estimuluen aurrean ematen dugun erantzun bat da estresa. Ez da berez txarra, estres positiboa ere badago. Gauza bat egiteko behar dudan indar multzoa da. Baina gehiegi eskatzen didatenean eta horri aurre egiteko baliabideak ez ditugunean, orduan gaitza sortzen da. Estresak hiru fase ditu: lehenengoan erreakzioa dugu estimuluen aurrean. Horiek behin eta berriz gertatzen direnean -gaur bai eta bihar ere bai- orduan gure gorputzak etengabe erantzuten jarraitzen du. Bigarren fasea oso garrantzitsua da: ohitzen gara eta ez gara sintomez ohartzen. Hori konpontzen ez badugu, hirugarren fasean bateriak agortuz joango zaizkigu konturatu gabe, eta hor hasiko dira akitzea, depresioa, eta abar.

Beraz, norbait estresaz kexatzen denean, lasai egon daiteke, oraindik lehen fasean dagoelako?

Norberaren izaerak du hor garrantzia. Pertsona batzuek estresa sortzen duten egoerak saihesten dituzte. Azkenean, ordea, aurre egin beharko diote bizitzari. Beste batzuk beti kexaka dabiltza, ezkorrak dira. Gero pertsona eraginkorra dugu: egoera hor dagoela ikusten du, eta aurre egiteko neurriak hartzen ditu.

Beraz, estresa eragiten dutenak murrizterik ez badugu, horiei hobeto aurre egiten ikasi beharko dugu?

Estres gehiago pairatzen dugu eskaerak kanpotik datozkigunean. Oporretan Himalayara noanean, eta mendi bat igotzen dudanean, lanean baino askoz indar gehiago jartzen dut, baina horrek ez dit estresik sortzen, berezko motibazioa dudalako.

Teknologiak eragindako estresa zertan da berezia?

Teknologiarena arazo zabalago baten barnean jarri behar da: kontsumismoa, hau da, barneko hutsunea kanpoko gauzekin betetzen saiatzea.

Zein da zure errezeta?

Nire errezeta zera da: ez dagoela errezetarik. Pertsona gisa hazi behar dugu, barrutik. Baditugu baliabide errazak, dena den: lasaitzen eta arnasa hartzen ikastea. Norberaren balioak non dauden ikusten ikasi behar duzu. Jarrera positiboa izan behar dugu; irribarre egitea garrantzitsua dela frogatu dute psikologoek. Hankak lurrean jarri behar ditugu: ondo jan, ondo lo egin, lan egin eta atseden hartu. Garrantzitsua da gauzak banan bana egiten ikastea, eta ez hainbat gauza aldiberean egitea. Hartu denbora zeuretzako, baina baita emateko ere. Erantzukizuna erantzutea esan nahi du.

No comments:

Post a Comment