Thursday 20 May 2010

«Travela pasatzen duzunean ez al zaitu harritzen inork zuri bidaiak oparitzea?»

Jose Antonio Lozano, matematikaria.



Datu meatzaritza zer den azalduko du gaur EHUko irakasleak Bilbon. Datorren urtean zenbat antxoa egongo den eta minbizia izango ote duzun iragartzeko erabiltzen da, besteak beste; baina arriskurik ere badu.

Jose Antonio Lozano (Bilbo, 1968) matematikaria da, eta irakaslea EHUko Informatika eta Adimen Artifizialaren Departamentuan. Sistema Adimentsuen Taldearen ikerketak zuzentzen ditu 2004. urtetik. Datu meatzaritza zer den azalduko du gaur, 19:30ean, Bidebarrietako Liburutegian, Bilbon.

Zer da ingelesez 'data mining' deritzoten hori?

Hainbat teknika biltzen ditu, matematikak, adimen artifiziala, estatistika, konputazioa, fenomeno bat deskribatzeko eta iragartzeko ereduak sortzeko asmoz. Esaterako: ernaltze artifizialerako kliniketan dabiltzan biologoen lanetako bat obuluak aukeratzea da, haurra izan nahi duen emakumeari txertatzeko. Hainbat obulu ernaltzen dituzte, baina erabaki behar dute zeintzuk txertatu. Datu meatzaritzaren bidez, eredu bat sor dezakegu jakiteko zeintzuk diren arrakasta handia izateko aukera gehien dituzten obuluak.

Antxoa arrantzaleei ere laguntzen aritu zarete. Nola?

Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa iragartzen saiatu gara. Klima datuekin eta bestelakoekin, eredu bat sortu dugu aurretik esateko zenbat antxoa egongo den datorren urtean. Gainera, fenomenoa azaltzen saiatzen gara, horren bidez, ezagutza lortzearren.

Zertan bereizten dira datu meatzaritza eta estatistika?

Estatistikan askotan datuek probabilitate banaketa batzuk jarraitzen dituztela suposatzen da. Datu meatzaritza askoz libreagoa da, ez dizkie aurreiritzirik ezartzen datuei. Datu meatzaritzako ereduek gehiago argitzen dute. Ordenagailuekin batera sortu zen hori, datu kopuru ikaragarria lantzeko aukera ematen duelako.

Zertan erabiltzen da gure eguneroko bizitzan?

Supermerkatuan Travel txartel itxuraz jator hori pasatzen duzunean ez al zaitu harritzen norbaitek zuri bidaiak eta gauzak oparitzea? Zer erosi duzun gordetzen dute pasatzen duzun bakoitzean. Informazio hori oso garrantzitsua da, horrekin antzeko erosketak egiten dituzten bezero taldetxoak egiteko, eta, horren arabera, gauza zehatz batzuen inguruko publizitatea bidaltzeko. Adibide tipikoa: datu meatzaritzaren bidez erosketa saskia aztertzen hasi zirenean ikusi zuten pixoihalak erosten zutenek garagardoa ere erosten zutela. Itxuraz ez dago harremanik, baina, apur bat pentsatuz gero, konturatzen zara haur txikiak dituztenek etxean edan behar dutela, tabernara joaterik ez dutelako.

Horrek ez al du arriskuan jartzen gure pribatutasuna?

Bai eta ez. Nik jakin nahiko nuke nire geneekin litekeena dela ondesteko minbizia izatea.

Bai, baina ez zenuke nahi izango zure nagusiak jakitea, lanetik bota ez zaitzan.

Badira sententziak Ameriketako Estatu Batuetan horren inguruan. Teknologia guztiak bezala onerako eta txarrerako erabil daiteke. Zuk Travel txartelaren kontratua sinatu egin duzu, hizki txikiak irakurri ez badituzu ere. Halere, alde negatiboak baino gehiago dira positiboak.

Noraino helduko da hau?

Honek ez du amaierarik. Alor zabala da hau; egunero sortzen ari dira erronkak eta arazoak. Datuen meatzaritza datuetan oinarritzen da, eta datuak ez dira geldituko; informazioa ez da geldituko.

No comments:

Post a Comment