Thursday 27 May 2010

«Marx eta Freud Maradona bezalakoak dira; Ken Follett, ordea, Mourinho bat da»

Pablo Nacach, pentsalaria.
 
 
 
Futbolaren, artearen eta gaurko pentsamenduaren arteko harremanak aztertuko ditu soziologo eta filosofo argentinarrak, gaur, Bilbon. 'Fútbol. La vida en domingo' liburua argitaratu du, besteak beste.

Soziologoa eta saiakera egilea da Pablo Nacach (Buenos Aires, 1969). Publizitateaz, gaurko hiriez eta giza harremanez idatzi du, besteak beste. 2006an, Fútbol. La vida en domingo saiakera argitaratu zuen. Kirolaren eta gizarte fenomenoen inguruan hausnartuko du gaur, 19:00etan, Errekalde aretoan, Bilbon (Errekalde Zumardia, 30).

Futbol jokalari profesionala izateko bidean zinen gaztetan, eta pentsalari amaitu duzu. Noiz okertu zen zure patua?

Platense taldeko gazteekin jokatzen nuen, lehen mailan zegoenean. Orain ikusita ez dakit benetan hainbesterako gogoa nuen, ikastea maite nuelako eta futbol profesionala oso gauza korapilatsua delako. Askotan amesten dut, halere, oraindik 17 urte ditudala eta oraindik futbolari profesionala izateko aukera dudala.

Zergatik idatzi horretaz?

Pilotan jolastea gauza miresgarria da, alde ludikoan, haur jolas gisa, antolaketarik gabe. Futbola, berriz, industria, negozio eta ikuskizun ikaragarria da. Baina nik pilotan jolastea maite dut. Horretaz idatzi nuen badakidalako aski ongi futbola zer den -soziologo zein filosofo gisa-, baita gizartearen jokoa ere. Freudek zioenez, jolastu behar da umeen moduan: serios. Soziologikoki futbola gauza garrantzitsua da; ikusi besterik ez dago mugitzen duen dirua eta jendea. Niri, gainera, joko beraren edertasunaz ohartaraztea gustatzen zait.

Munduaren metafora da pilota, ala etsaiaren buru moztuarena?

Gauza askoren metafora da. Baloia umea bera da: haurrak bere burua ostikoka hartzen ikasten du pilotarekin jolasten. Oso konplexua da futbolaren bitartez aitarekin eta amarekin sortzen den harremana. Halere, Albert Camusek esaten zuen berak moralaz zekien guztia futbolak irakatsi ziola. Ondo antolatzen denean, bizitza kooperatiboa zer den txikitatik ikasteko modu liluragarria da futbola.

Futbola maite ez duen aita guraso txarra dela esaten ari zara?

Ez. Futbola ezinbestekoa da aita eta haurren arteko harremana ulertzeko. Baldintzatu egiten du harreman hori, komunikazio faltsua eraikitzen du, eta gauza garrantzitsuagoak estaltzen. Jokalariak aitaren sublimazioak dira. Dena den, beti beharko dugu bitartekotza hori, gizarte honek ez digulako utziko jendearekin era osasuntsuan harremanik izaten. Bestela ez litzateke kapitalismorik izango.

Etengabe hitz egiten duzu Maradonaz. Jainkoa ez zen bada hil?

Niretzat ez da jainkoa, baina jende askorentzat izan zen, gaur Ronaldo, Florentino Perez eta Jose Mourinho diren bezala. Nik nahiago dut jainko gisa Maradona bezalako jokalari ludiko bat, talentuduna. Mourinho, berriz, funtzionario bat da.

Golak eskuarekin sartzen zituen Maradonak. Camusen morala non?

Epailea engainatzea jokoaren gatza eta piperraren parte da. Camus futbolaren alde ludikoaz, kooperatiboaz, ari zen, ez guk ikusten dugu futbol-negozioaz. Futbol horrek ez du kooperatiboz ezer; izan ere, talde kiroletan indibidualistena da.

Argentinarra zara, baina psikoanalisia futbola azaltzeko erabiltzea ez al da gehiegi?

Freudek mundua aldatu zuen. Marx eta Freud Maradona bezalakoak dira, Ken Follett, ordea, Mourihno bat da.

Zer alde dago zuk maite duzun ludikotasunaren eta ikuskizunaren gizartearen umekerien artean?

Liburu baterako galdera da hori. Pilotarekin jolasten haurrak gauza asko ikasten ditu, besteak beste oso harreman osasuntsua eraikitzen oroimenaren eta ahanzturaren artean. Pilotak jokalaria bilatzen du, esaten da non egon dakien jokalari onaz. Desmarkatzea, horra beste ideia on bat gizartean bakarrik ere egoten ikasteko.

Krisi honetan erabiltzeko irakaspen futbolzale bat?

Pilota pasatzea hobekien jarrita dagoen jokalariari. Hau da, aberatsei zerga gehiago jartzea.

Nork irabaziko du mundiala?

Liluraturik nago; batez ere, Messi argentinarra delako. Itxaropen txiki bat dut Argentinak irabazteko. Nik Espainia hitza ez dut inoiz idazten, oso gauza xelebrea delako kontzeptu gisa.

No comments:

Post a Comment