Wednesday 26 May 2010

«Krisiaz baliatu behar dugu, eredua aldatu eta gizakia berriz zentroan jartzeko»


Nicolas Ridoux, hazkuntza objetorea.
 
 
 
Bizimodua apaltzeko mugimenduaren erreferentzia nagusietako bat da ekintzaile frantziarra. Donostian mintzatuko da gaur, Literaktum jaialdiaren barruan, Andres Neuman idazle argentinarrarekin batera.

Nicolas Ridoux (Lyon, Frantzia, 1973) bizimodua apaltzeko mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat da. Besteak beste, Déccroissance pour tous liburua idatzi du. Andres Neuman idazle argentinarrarekin mintzatuko da gaur, 19:30ean, Ernest Lluch kultur etxean (Anoeta, Donostia). Aurretik Johan van der Keuken zuzendariaren I love Dollars filma emango dute.

Nolatan dabil aeronautikako ingeniari bat bizimodua apaltzeko predikatzen?

Bi arrazoirengatik: batetik, sentikortasun handia dut edertasunarekiko, naturarekiko eta gizakien arteko harreman zuzenekiko; eta, bestetik, bizitzaren suntsiketarekiko. Horrek eraman ninduen aztertzera zein den gaur bizitza zapuzten duen arrazoi nagusia. Ikusi nuen gero eta gehiago leloa zela erruduna: gero eta azkarrago, gero eta errentagarriago... baina, aldiberean, gero eta azalekoagoa eta, gizatiarretik, gero eta gutxiago. Medikuntza enpresa bateko salmenten zuzendaria nintzen. Urtero aurreko urtean baino gehiago saltzeko eskatzen zidaten. Zer zentzu du horrek? Zer lortu nahi da? Gauzak ez dira garrantzitsuak, bai, berriz, gizakien arteko harremanak. Hortik dator mugimenduaren leloetako bat: Ondasun gutxiago eta harreman gehiago.

Zein da bizimodua apaltzeko mugimenduaren funtsa?

Gizabanako gisa, borondateko sinpletasuna; apaltasun zoriontsuan bizitzea. Talde gisa, ekonomia moteltzeko politika bultzatzea, pertsonen garapen osoa lortze aldera, gizakien dimentsio guztietan -poetikoan, kontenplaziozkoan-, baita lanean ere. Antzinako Greziako filosofoak ere bizimodu apalaren aldekoak ziren: «Gutxirekin aski ez duen gizonak ez du inoiz aski izango», zioten. Botereak ez digu bizipoza ematen, eta azken hori izan beharko litzateke helburua.

Duela urte batzuk idatzi zenuen ez genuela aukeratu behar «ekonomia haztearen eta apaltzearen artean, baizik eta apaltzearen eta atzeraldiaren artean». Gaurko krisiak arrazoia ematen al dizu?

Gero eta gehiago egin nahi badugu, horrek ezin du betirako iraun, gizakia eta planeta mugatuak direlako. Gaurko krisia ere horrela sortu zen: bankuek euren etekinak etengabe handitzea nahi zuten, eta merkatuak sortu zituzten ez zeuden lekuan, dirua itzultzeko modua ez zuen jendeari maileguak emanez. Hor ikusten da muga gainditzen denean krisia sortzen dela. Ingurumenaren krisia, petrolioarena, Lurraren berotzea... krisi guztiak elkartzen direnean, ondorioztatu behar dugu sistema bera dagoela krisian, ez direla krisi bakartuak, euren arteko harremanik gabekoak.

Krisia ere aukera izan daiteke gauzak beste era batera planteatzeko?

Krisi hitzak aukeratzeko unea esan nahi du grezieraz. Krisiak biribilguneak dira: norabide berean atera gaitezke, eta beste krisi are larriago bat sortu, edo aski da esan dezakegu, eta paradigma aldatu. Gure lehentasuna ez da izan behar ahalmen guztidunak izatea, baizik eta bizi-kalitatea hobetzea, hau da, gizatasunean haztea.

Nolakoa da hazkuntza objetore baten eguneroko bizitza?

Lehenbiziko gauza da telebistarik ez izatea Hobeak dira irratia eta egunkariak. Internet erabilgarria da, baina pantailari itsatsita egotea ez da benetako bizia. Inguruko nekazariei zuzenean erosi behar dizkiezu elikagaiak. Abiadura handiko trenak ez baizik tren sare fin trinkoagoa izan beharko genuke, jende gutxi bi tokiren artean ahalik eta azkarren joan beharrean, jende asko ahalik eta toki gehienetara joan ahal izateko, polikiago bada ere. IPhone, iPod eta bestelako gailuak itzali eta auzokoarekin hitz egin beharko genuke, eta elkarrizketan egon, erabat hor. Paradigma aldatu behar da gizakia berriz zentroan jartzeko.

No comments:

Post a Comment