Friday 4 June 2010

«Beloaz, izaera berresten dute emakumeek; zergatik ez dute txapela debekatzen?»

Angele Etoundi Essamba, argazkilaria.



Beloaren inguruko estereotipoak haustea du helburu artista kamerundarrak Bilbon zabaldu berri duen erakusketak. Afrikan jantzi hori nola erabiltzen den azaltzen dute kalean jarritako 42 argazkiek.

Angele Etoundi Essamba argazkilariak (Douala, Kamerun, 1962) Europa, Afrika eta Ameriketan erakutsi du bere lana. Herbehereetan bizi da aspaldi. Emakumeen beloak Afrikako kulturan duen eginkizuna azaltzeko erakusketa zabaldu zuen atzo Bilbon. Tamaina handiko irudiak dira, eta Guggenheim museoa eta Euskalduna jauregia lotzen dituen pasealekuan daude, Abandoibarran.

Beloaren gaia pil-pilean dago gaur egun Europan. Horregatik erabaki duzu lan hau egitea?

Beloaren gaia guztiz bat dator argazkilaritzan egiten dudan lanarekin. Izan ere, nire helburua beti izan da estereotipoak haustea. Hori da lan honek egiten duena, hain zuzen ere. Gonbidatzen duen belo bat erakusten du, eta ez atzera botatzen duen belo bat. Belo irekia da, sentsuala, ederra eta elegantea. Beloak ez du zertan gogoaren beloa izan. Zapi horien atzean badago zerbait itxiduraz eta zapalkuntzaz Europan dugun irudi hori gainditzen duena. Beloa eramanez, nortasuna berresten dute emakumeek.



Zer deritzozu azken hilabeteotan Europako hainbat herrialdetan beloa eraikin publikoetan eramatea debekatu izanari?

Duela 50 urte emakumeek zapia eramaten zuten buruan; moda zen. Jacqueline Kennedyk eramaten zuen, esaterako, baita margolarien modeloek ere. Zergatik da orain onartezina? Zenbat emakumek eramaten dute burka? Oso gutxik. Beraz, neure buruari galdetzen diot zer ote dagoen debeku horren atzean. Beloa galaraziz, gazteak bultzatu egiten dituzte eramatera, haserrea erakusteko. Aukera librea den unetik, norberaren erabakia da. Nik ez dut inoiz eraman, eta ez dut eramango.

Zergatik?

Ez naiz horrekin hazi, hasteko. Eraman nezakeen, egun baterako, txapela edo kapela bat eramatea erabaki nezakeen bezala. Nik erretrataturiko emakumeek aukeratu egin dute, eta dotoreziaz eta sentsualitatez janzten dute. 



Gauza bera adierazten al dute zuretzat belo guztiek: burua soilik estaltzen duen hijaba, aurpegirako nikaba eta gorputz osoko burka?

Ez dut gustuko jendea burkarekin ikustea, eta harrituko ninduke Amsterdam burkadun emakumez beteta ikustea. Baina zapia debekatu dute Herbehereetan. Hori da larria! Zergatik ez dute txapela debekatzen? Gizakien nortasunarekin dago lotuta, eta kontuz ibili beharra dago. Askatasuna dago jokoan. Inposaturiko beloaren kontra nago, noski.

Zertan bereizten da beloaren erabilera zuk erretrataturiko Afrika beltzean eta herrialde arabiarretan?

Afrika oso handia da, eta herrialde bakoitzean ezberdin erabiltzen da. Beraz, ezin da orokortu. Kamerungo iparraldeko musulmanek daramate euren kulturaren partea delako. Beste lekuetan dotoreziaren eremuan sartzen da. Nire lanean hainbat belo mota erakutsi nahi izan ditut, eta denetatik dago: zapiak, oihalak... Ez da soilik Mendebaldean itxikeriarekin lotzen dugun hori.


Hainbat lekutan erakusten ari zara lan hau, beti kalean. Zer-nolako iritziak jaso dituzu?

Oso zuzenak eta onak, oro har. Orain arte ez da inoiz erakutsi beloa testuinguru honetan. Orain arte, arazo bakarra Madrilen egon da; margotu egin zituzten irudiok, baina bandalismo kontua izan da, jende ezjakinaren lana. Hala sinestu nahi dut.

No comments:

Post a Comment