Sunday 6 June 2010

«Musika jatorrira itzultzen ari da, diskoaren industriaren gezurrezko egia hondoratuta»

Craig Bjerring Old Seed, musikaria.



Musikari kanadarrak taldeak utzi eta artista bidaiari bihurtzea erabaki zuen duela hamar bat urte. Gasteizen arituko da gaur, izu existentzialaren inguruan, baina umorez, xalotasunez eta metaforez.

Musikaria da Craig Bjerring (Winnipeg, Kanada, 1970). Hainbat taldetan aritu ondoren, Old Seed bakarkako egitasmoarekin dabil munduan barrena. Euskal Herrian aritu da jotzen aste honetan, eta gaur azken kontzertua emango du, Gasteizen, 20:00etan, Hala Bedi tabernan.

Zeure burua artista langiletzat duzu, eta artista izar ideia baztertzen duzu. Zer ulertzen duzu artista langile gisa?

Gauzak okertu egin dira musikaren munduan. Zertarako da musika? Jendea elkartzeko eta gizarteari beste ikuspegi bat emateko. Musika grabatzen hasi zenean, gauza bihurtu zen, sal daitekeen produktu. Musikariak, orduan, diskoak saltzearekin hasi ziren arduratzen, eta puzten hasi ziren. Ez dago alderik igeltsero, arotz, irakasle edo musikari baten artean. Hori esan nahi dut. Nik une txikiak eraikitzen ditut, jendea elkartzeko. Beraz, gauza bat da pertsona batzuekin komunikatzea kontzertuetan, eta beste bat U2 izatea eta aldizkarien azalean agertzea. Azken hori ez da garrantzitsua, bereziki, gaur bizi dugun munduan, gauza askoz interesgarriagoak ari direlako gertatzen.

Musikari asko ari da berriz zuzenean jotzearen balioa aurkitzen. Nola aldatuko du horrek etorkizuneko musika?

Musika bere jatorrira itzultzen da. Musika industriaren gezurrezko egia hondoratu da, informazio librearen munduan gaudelako orain. Zoragarria da hori. Gogorra da asko bidaiatzea, baina ematen du plazera ere. Ni oso txarra naiz estudioan, ez dut pazientziarik.

The Terror izena jarri zenion azken diskoari. Zergatik?

Denok pairatzen dugun izu existentziala adierazi nahi nuen. Hilko garela konturatzea, egoa eta krisi pertsonala askotan agertzen da nire kantetan. Baina ez espero Nick Cave antzeko bat. Hura pertsonaia bat da, ni neu naiz.

Bosgarren diskoa prestatzen ari zara?

Bai. The Terror grabatzeko bildu nuen talde berarekin ari naiz.

Artista bidaiaria leinuko xaman gisa ikusten duzu. Zein da zure mezua guretzat?

Artista bidaiariek edo xamanek ez dizute inoiz mezu zuzenik emango, beti metafora erabiliko dute. Ez dizu esango «segi ikasten eta barazkiak jan». Nire abestiek irudiak dituzte, norberak nahi duena ulertzen du, nik kontrakoa esan badut ere.

No comments:

Post a Comment